Iaz baino mila kilo janari gehiago bildu du Sahararen Lagunak Elkarteak Orion. Denera, 2.400 kilo janari eta bildu dituzte eta Ahmed Labeid elkarteko kidearen esanetan "oso pozik" daude lortutako emaitzarekin. Horregatik Sahararen Lagunak Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie Sahararen aldeko janari bilketan parte hartu duten guztiei. "Bereziki eskertu nahi dugu Udalaren laguntza, bai Beñat Solaberrieta alkatearena eta bai beste zinegotzi guztiena. Bestalde, ezin dugu aipatu gabe utzi herriko bi ikastetxeetako zuzendari, irakasle, ikasle eta gurasoek emandako laguntza solidarioa, Arkuperen babesa eta jeneroa eman diguten dendak: Dia, Eroski, Dorronsoro, Loidi, Coviran eta Arantxa Arrillagaren denda. Herrio natur taldeari ere eskerrak eman nahi dizkiogu, eman dizkiguten jostailuek irudikatzen dituzten irribarreengatik, eta, baita ere, herritar guztiei eta kanpainaren berri zabaltzen lagundu diguten komunikabideei: Karkara, Hitza, Noticias de Gipuzkoa eta Diario Vasco. Guztioi, mila esker" azaldu dute eskertza gutunean.