Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joseba Permach
Segurako sarekadan atxilotu zuen Espainiako Poliziak ezker abertzaleko beste 22 buruzagirekin batera, 2007ko urriaren 4an. Batasunaren kontrako polizia operazio bat izan zen hura. Kartzelan egon zen bi urte eta erdiz, badaezpadako espetxealdian, beste zortzi kiderekin batera. 35/02 sumarioan inputatuetako bat da Joseba Permach ezker abertzaleko politikaria (Donostia, 1969). ETAko zuzendaritzako kidea izatea leporatzen dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, eta 12 urteko kartzela zigorra eskatu du harentzat.
Mikel Arregi ‘Ertxin’
Espetxean egona da Mikel Arregi Ertxin (Zestoa, 1968). 1997an Herri Batasuneko Mahai Nazionaleko kide zela espetxeratu zuten beste 22 kiderekin. Hauteskundeak zirela eta, telebistan HBri zegokion propaganda tartean ETAren alternatiba demokratikoa zeritzona emititzeagatik izan zen. Lau hilabete espetxean igaro ostean, aske gelditu ziren. Epaiketa urrian izan zuten, eta abenduan berriro espetxeratu zituzten. Bi urte igaro zituen espetxean. 35/02 sumarioan auzipetuta dago; 10 urteko zigorra eskatzen dute harentzat.
Esther Agirre
HBren Mahai Nazionala atxilotzeko Baltasar Garzonek emandako aginduaren ondoren sortutako Mahai Nazionaleko kide izan zen Esther Agirre zarauztarra. 1998 eta 1999 urteen artean nazioarteko harremanen ardura izan zuen. 35/02 sumarioan inputatuta dago. 10 urteko kartzela zigorra eskatzen du fiskalak haren aurka.
Olaz Izagirre
Azpeitiko bizilaguna beste 35 kiderekin batera epaitu dute 26/11 sumarioan. Segi gazte erakundeko arduraduna izatea egotzi diote, eta sei urteko kartzela zigorra eskatu du inputatu guztientzat fiskalak.
Urrian hasi zen epaiketa Madrilen, eta astearte honetan amaitu da. Epai zain gelditu da auzia.