Azkenekoak izan daitezen

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 7a

  Olatz Izagirre, Esher Agirre, Joseba Permach eta Mikel Arregi 'Ertxin'. «Auzitegi Nazionalean edozer gerta daiteke». «Ikuspegi juridikotik ez dago ezer, baina badakigu zer gertatzen den herri honetan». «Itxaropena ez da inoiz galdu behar, baina ikusiko da zer gertatzen den». Pasa den urrian hasi zituzten 26/11 eta 35/02 sumarioei dagozkien makroepaiketak, gazteena bat, eta herriko taberna eta kultur elkarteen eta Batasunako arduradunen kontrakoa, bestea. 80 lagunetik gora daude auzipetuta bi sumario horietan; eskualdean, Olatz Izagirre azpeitiarra lehenbizikoan, eta Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak eta Mikel Agirre Ertxin zestoarra bigarrengoan. Lau eta hamaika urte pasatu dira bi prozesuak abiatu eta epaiketak hasi diren arte. Urte luzeak izan dira. «Bizitza bat» pasatu da ordutik, Agirreren esanetan. Hala ere, horrek euren bizitza ez ez zezala baldintzatu saiatu dira lauak. Denbora horretan maila profesionalean zein pertsonalean «bizitzen» jarraitu dute Agirrek eta Permachek—tartean bi urte eta erdiz espetxeratuta egon zen Permach—. Esaterako, 2005ean jaio zen haien hirugarren oinordekoa, Manex. «Uste dut oro har lortu dugula une hura epaiketa existituko ez balitz bezala bizitzea. Batzuentzat agian egin duguna astakeria bat da. Nik esango nuke 11 urtez epaiketa etorriko dela pentsatzen bizitzea dela astakeria», aitortu du zarauztarrak. Gazteen aurkako prozesua abian zenean haurdun geratu zen, berriz, Izagirre, eta aurrera jarraitzea erabaki zuen, «bestela halakoetan bizitza alde batera uzteko joera dugulako». Haurrari lehentasuna eman eta auzibidea bigarren plano batean geratu zen azpeitiarrarentzat. Hala ere, «zama handia» sentitu du: «Esaten da espetxean zaudenean betetzen duzula zigorra. Kalean zaudenean ere bizkar gainean eramaten duzu zama hori. Bestelako kondena bat da kanpoan bizitzen dena. Izan ere, bat-batean zeure bizitza alda daiteke». Pentsamendu horrek «ezinbestean» egunerokotasuna apurtzen duela dio Ertxinek: «Gure kasuan, 11 urte izan dira prozesua hasi eta epaiketa data zehaztu duten arte. Hasieran, gainera, bi urte-edo izango zirela esaten zen. Urteak aurrera joan ahala pentsatzen duzu agian datorren urtean... Azkenean horrek zeure bizitza maila batean ez baldintzatzen ikasten duzu. Etorriko dena etorriko da». Indargabetu ez, indartu Denbora horretan Euskal Herriko egoera ere aldatu egin dela gogoratu du zestoarrak, eta horrek eragin egin duela prozesuan ere: «Egoera politikoak berak baldintzatu du epaiketa. Bere garaian esaten genuen hemen nolabaiteko normalizazio politiko baterako urratsak emanez gero, neurri hauek ere indargabetuko zirela. Ikusi da azkenean estatuari ez zaiola Euskal Herriko egoera normalizatzea interesatzen eta neurriak indargabetu beharrean, indartu egin dituela». Bat egin du Agirrek Ertxin-ekin: «Izaera politikoko gorabeherek asko baldintzatu dute prozesuaren erritmoa: hautsi egiten da bake prozesua, hasi egiten da prozesu kriminala, beste bake prozesu bat abiatzen dute, eta auzia kutxa batean gordetzen dute.... Argi eta garbi, prozesua egoera politikoarekin lotuta dago». «Nik uste dut oso adierazgarria dela bi epaiketon datak ETA erakundeak borroka armatuaren amaiera iragarri eta bi urte betetzen ziren aste horretan finkatzea», nabarmendu du Permachek. Hori kafkianoa dela nabarmendu du Arregik, eta «ezinezkoa» dela zuzenbide estatu batean halako zerbait gertatzea: «Estatu totalitario baten neurriak dira, eta bizi dugun egoeran zentzugabekeria bat da hori». Haren arabera, giza eskubideen zerrendari beste bat gehituko beharko litzaioke: kartzelaratua ez izateko norbanako bakoitzak duen eskubidea, hain justu. «Nik uste dut oso agerikoa dela hori. Ikusi besterik ez dago epaiketa horiek nolako denbora galtzea diren. Ikusten duzu zenbat txorakeria eta istorio kontatzen dituzten bertatik pasatzen diren polizia eta perituek, inongo frogarik gabe, inongo planteamendu seriorik gabe», salatu du Permachek. Bi epaiketa horiek burutzen ari diren bitartean, 18/98koak kaleratzen hastea ere esanguratsua da haren ustez: «Pentsatzea horietako askok zortzi urte bete dituztela kartzelan eta beste askok 12 eta 14 urteko kartzela zigorrak dituztela, eta seguraski gure epaiketan atera diren froga berak atera dituztela zigortzeko...Hori beldurgarria da». Zentzu horretan, euskaldunek harridurarako muga hori «aspaldi hautsita» dutela nabarmendu du Arregik: «Hasiera batean halako alarma sozial bat bazegoen. Baina gero makroepaiketa hauek normaltzat hartzen joan gara. Ikaragarria da hori esatea, baina hala da. Ez da alarma, normala da, erabat anormala denean».  Gogoratu du euskaldun asko eta asko kartzelaratu dituztela «modu oso injustuan», eta horiek «estatu bananeroenean» ere kartzeleratuko ez lituzketen baldintzetan daudela preso. «Urratsak emateko unea da» Erasoak ez du etenik haientzat. «Gure ustez nahiko agerikoa da estatuak badakiela konponbide prozesu batean sartuko bagina burujabetza prozesua azkartuko litzatekeela, eta Kataluniako fronteari gehituko litzaiokela indar biziz Euskal Herriko frontea», ohartarazi du Permachek. Haren arabera, estatuaren erasoek egoera berria «zangotrabatzea» dute helburu, eta ahal duten neurrian prozesuaren erritmoa baldintzatzen saiatzen direla uste du. «Nik uste badakitela honek ez duela atzera bueltarik, eta horregatik  giroa moteldu eta etsipena sortzen saiatzen dira». Ez dutela lortuko dio, eta urtarrilaren 11ko mobilizazioak erakutsi zuela hori. «Ikusi zen halako une larrienetan ere erantzuteko gai garela, eta etsipena beharrean, jarrera horrekin kontrako sentsazioa eragin zutela uste dut. Hausnartzeko aukera ematen du horrek. Hala ere, horrek ez du kentzen EPPKko kideak kartzelan egotea». Presoen gaia lehen lerroan jarri denean, eta konponbidearen bidean gai hori urgentziaz lantzeko eta presoak herrira ekartzeko lehentasuna aitortu denean, estatuak «neurri gogorrak» hartzeak haren jarrera agerian jarri duela dio Izagirrek: «Etsipena sortzea du helburu, blokeo egoera hau indartzea… Guk asmatu behar duguna, eta zentzu horretan urtarrilaren 11n lortu zen, herritarren erantzun hori geroz eta zabalagoa izatea da. Horrek guztiak zentzurik ez duela esateko unea da, eta konponbide bidean herri gisa urratsak ematen hastekoa». Puntu horretan indarra egitea eta askotariko ideologia eta pentsaeretako jendea batu eta herrika, eskualdeka zein nazio mailan dinamikak martxan jartzea da Izagirrerentzat gakoetako bat. Babesa, itxaropenerako Erasoak eraso, lau auzipetuek maila askotako babesa sentitu dute: alderdi politikoena, instituzioena, sindikatuena... «Epaiketek eragiten duten traba pertsonalez harago, nik uste dut lortzen dela gehiengoak itxura hartzea. Hori da guretzat aktibo bat, itxaropenerako aukera bat», aitortu du Agirrek Hain zuzen, jaso duten babesak aurrera egiten ari direla neurtzen du, Permachen arabera. «Jasotako babes horrek agerian jartzen du epai batzuk gutxiengo politiko eta sozial batean geratzen ari direla Euskal Herrian. PPk Guardia Zibila eta Auzitegi Nazionalaren indarra eta biolentzia erabiltzen duenez, oraindik ere epaiketa eta atxiloketak egin ditzake. Baina horren babes soziala geroz eta txikiagoa da. Hori aurrera egiten ari garenaren seinale ere bada. Azken epaiketa alde horretatik oso grafikoa da nire ustez, horrelako babes politiko eta soziala lortu delako». «Lehen konfrontazio egoera zegoen, baina gaur egun izugarrizko aldaketa eman da, estrategia aldaketa bat».  Izagirrek jakinarazi du indarra jarri dela «behingoz herri honetan normalizazio batean bizi ahal izateko». Haren ustetan euskal herritarren gehiengoaren nahia hori da. «Hala ere, atxiloketak, epaiketak... egoten jarraitzen dute. Haien itxikeria horrek aukera ematen du, hein handi batean, askotariko pentsaeradun jendeak bat egiteko normalizazioaren bide horretan. Bide horretan guztiok urrats bat haruntz eman behar dugu. Aukerak badaude eta horiek landu behar dira. Ate gehiago jo behar dira, horiek zabaltzeko». Hori garrantzitsua dela dio, hain zuzen, izango duen oihartzuna ere «beste modu batekoa» izango delako. Ezker abertzaleak iritsi den lekura iristeko «esfortzu handia» egin du, eta hori jendeak ikusi duela gogoratu du Ertxinek: «Jendeak ekuazio hori egiten du. Alde batetik, nolabaiteko distentsiorako apustu politiko bat egiten da, eta bestetik, ez dira indargabetzen neurriak. Egoerarik gordinenean ere justifikatu gabe dauden zenbait neurri indargabetu beharrean, indartu egiten dituzte». Orain horri erantzun irmoa ematea falta da: «Demagun zigorra gogorra dela eta kartzelaratzeak masiboak direla. Horrek erantzuna izango luke, baina aurrekoekin gertatu den bezala, inmunizatu eta egunerokotasunean itzali egingo litzateke gero. «Honaino iritsi gara eta aurrerantzean hau ezin da egin» esateko garaia dela dio zestoarrak. Ildo horretatik, Euskal Herriko eragile politikoek ere «salatze soiletik harago» urratsak eman behar dituzte haren arabera, azken finean ardurak dituztelako. EAJk urtarrilaren 11ko mobilizazioa debekatu ostean hartutako jarrera goraipatu du Permachek, ezker abertzalearekin erantzun bateratua emateko gai izan zelako. Hala ere, Euskal Herrian halakoak gertatzen direnean erantzuten jakiteaz gain, bestelako urratsak ere eman behar direla uste du: «Sarri EAJri kostatu egiten zaio estatuaren aurrean planto egitea, eta harago urratsak ematea. Nik sinistu nahi dut urtarrilaren 11koa pauso bat dela eta zerbait esan nahi duela. Gu behintzat horretarako ari gara lanean, eta ez EAJrekin bakarrik, baizik eta bestelako eragile sozial, sindikal eta politikoekin». Azkenak izatearen nahia Gazteen aurkakoa asteartean amaitu zen eta Batasunari eta herriko taberna eta kultur elkarteei dagokiena ez dakite noiz bukatuko den. Hasiera batean martxoaren 18rako-edo jarri zuten data, baina maiatzera arte ere luza daitekeela nabarmendu dute 35/02 sumarioan auzipetuek. «Nik pertsonalki ez dut presa askorik epaiketa bukatzeko, behin bukatuta epaiaren zain egon beharko dugulako», aitortu du Agirrek. Izan ere, guztiei zaila egiten zaie aurrera begiratu eta tesitura horretan kokatzea. «Orain sententziaren ordua da, eta denetarik gerta daiteke. Momentuz lasai nago baina abokatuaren deia ikusten dudanean larrituko naiz», dio Izagirrek. Hala ere, guztiek dute nahi bat: bi makroepaiketa hauek azkenak izatea. «Denetara laurogei pertsona daude auzipetuta bi prozesuotan. Badirudi zenbaki bat dela, baina zenbaki horren atzean pertsonak daudela ezin da ahaztu, bizitza osoak». Zentzu horretan, errealitate hori salatu eta mahaiaren gainean jartzeak merezi duela ohartarazi du Permachek: «Herri honetan egoera berri bat zabaldu bada ere, sufrimendu asko dago oraindik. Gu askotariko dinamiken bitartez egiten ari gara ahalegin bat  epaiketa hauek azken makroepaiketak izan daitezen. Hori da lortu behar dena».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide