Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Grumaleko 147 langile kaleratzea ekarriko duen iraungitze txostena tramitera onartu du Donostiako 1. Merkataritza Epaitegiak. Pedro Jose Malagon epailearen hiru autok jasotzen dutenez, Fagor Etxetresnak eta Edesarekin batera, 335 langile kalean geldituko dira. Enpresak "etengabeko galerak" jartzen ditu bere arrazoien oinarrian, baita soldatak ordaindu ezina edo langile guztiei lana eman ezina ere.
Hiru kasuetan, bai enpresak, bai konkurtso administratzaileek diote "saihestezina dela lanpostu guztiak iraungitzea, ezin baita ekoizpen jarduerarekin jarraitu, ia guztiz geldirik dagoelako".
Epailearen arabera kontratuak bertan behera uzteko "baldintza guziak betetzen dira, eskaera arau konkurtsalei erantzunda egin delako eta hartu beharreko neurri kolektiboak justifikatzen dituen dokumentazioa aurkeztu delako".
Epaileak zehazten duenez Grumaleko 147 langile, Fagor Etxetresnetako 106 eta Edesako 82 langileri eragingo lioke dosierrak. Orain hiru enpresak bateratuko dituen batzordea eratu behar dute, haiek konkurtso administratzaileekin "gogo onez negoziatu eta akordio bat lortzeko"; gehienez ere 30 egunekoa izango da negoziazio epea.