Sustapen Planera 900.000 euro bideratzea proposatuko du Azpeitiko Udalak

Olatz Prat 2014ko otsailaren 7a

Azpeitiko Udalarentzat planaren harrera eta balorazioa «positiboak» izan dira 2013an, 49 lanpostu berri sortuta

Azpeitiko Udalak eta Azpeitia Lantzen-ek elkarlanean landu duten 2013ko Sustapen Ekonomikoaren Planaren balorazioa egin dute. Balorazio «positiboa» egin dute, gainera; izan ere, iaz 49 lanpostu berri sortu dira ekintzailetasun proiektuei lagunduz. Hori dela eta, iaz baino diru gehiago bideratzeko asmoa dute aurten erakundeek: guztira 900.000 euro bideratu nahi dituzte. Azpeitia Lantzen-eko arduradun Iñaki Zabaletak atzo adierazi zuenez, 2013an 39 proiektu diruz lagundu dituzte, eta gaur-gaurkoz, 182.594 euro banatu dira eskatzaileen artean. Gainera, 2013an martxan jartzeko astirik izan ez duten beste bi proiektu ere aurtengo laguntzetan txertatuko dituzte. Krisiari aurre egiteko bultzada Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak krisia ekarri zuen gogora atzo. Udalak legealdi hasieran «azterketa sakon bat» egin zuela gogoratu zuen, eta horren aurrean euren eskumenen arabera eta euren neurrira, ahal zutena egiteko erabakia hartu zutela esan zuen. «Argi dago herritarren kezka nagusia ekonomia dela, kalitatezko enplegua eta gizarte zerbitzuak; horiek dira Plan Estrategikoan nahiz Denon Artean prozesuan agertu direnak». Hain zuzen ere, kezka horiei erantzuteko, iaz 700.000 euro bideratu zituen udalak ekintzaileei proiektu berriak martxan jartzeko diru laguntzetara eta enplegu formazioa eskaintzera. «Herritarrek egiten duten ahalegina ere aitortu behar da, 700.000 euro horiek egitasmo honetara bideratu ahal izateko, beste toki batzuetatik kentzen baitira», esan zuen. Sustatzaileek dei egin zieten herritarrei, «euren eskura dauden baliabide publikoak» aprobetxatzeko. Krisi egoeratik irteteko «soluzioa ez» dela onartuta ere, «laguntza» izan nahi luketela adierazi zuen Etxeberriak. Partida igotzeko asmoa Iazko jardueraren balorazio «positiboa» egin zuen Sustapen Ekonomiko eta Industriako zinegotzi Iñaki Portillak. Balorazio hori dela eta, 2014rako Sustapen Ekonomikoaren Planari eusteko asmoa azaldu zuen, eta udal gobernuak iazko zenbatekoa igo eta 900.000 euroko aurrekontu proposamena egiteko asmoa duela adierazi. «Jendeak erantzun egin du eta ahalegin berezi bat egingo dugu baliabideak gehitzeko», gaineratu zuen. Momentuz, proposamena da, ordea, hil honetan eztabaidatuko diren aurrekontu orokorretan bozkatu eta onartu beharko baita. Proposamena onartuko balitz, Iraurgi Berritzen-ekin batera, Azkoitira eta Azpeitira zabalduko litzateke eskaintza. Aurrerago zehaztuko litzateke, kasu horretan, erakunde bakoitzak egitasmora bideratuko lukeen diruaren zenbatekoa, eta zein modutan banatuko lituzketen diru laguntzak. LAGUNTZA LERROAK
  • Langabetuak kontratatzeagatik laguntza: enplegu txekea. Gipuzkoako enpresek bi azpeitiar langabeturi kontratu mugagabea egiteko diru laguntza eskatu zuten, eta biak onartu ziren.
  • Ekintzailetasun zentroa eta proiektu berriak martxan jartzeko lokalak uztea: Alokairua ordaintzeko hamabi eskaera jaso eta guztiak onartu ziren.
  • Enpresa berriak sortzeko diru laguntzak. 32 eskaera jaso zituzten eta horietatik 30 izan dira jarduera berriak. Beste biek proiektu estrategikoa aurkeztu zuten.
  • Baserritarrentzat eta merkatarientzat diru laguntzak. Sei eskaera izan ziren, eta lau lanpostu berri sortu ziren.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide