Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Grises taldeak atsedenik hartu gabe jarraitzen du lanean. Uda jaialdiz jaialdi igaro ostean, gaur amaituko dute No se alarme señora, soy soviético diskoari dagokion bira. Kontzertuak amaitzearekin batera, hurrengo diskoko promozio lanetan hasiko dira, udaberrian ikusiko baitu argia zestoarren hirugarren diskoak. Apirilean kaleratuko dute Animal izeneko lana, eta taldearen esanetan, lan «zuzenagoa» eta «indartsuagoa» izango da; «bat-batekotasunaren bidez sortu ditugu abestiak lokalean, eta Eñauten [Gaztañaga] estudioan jorratu ditugu ondoren. Ez genuen nahi abestiak oso landuak izaterik, zuzenak eta naturalak izatea zen gure asmoa». Gainera, bateria-jotzaile berria dute, Gascon Etxeberria taldera batu baita. Dinamika berri horretan «oso gustura» daudela aitortu dute.
Produkzio lan «oso gutxiko» diskoa izango dela adierazi du taldeko abeslari Amancay Gaztañagak. El hombre bolígrafo lehenengo diskoaren jarraipena izango dela ere aurreratu du. «Bigarren diskoaren ukitu batzuk izango ditu, baina oro har lehenengoaren bidea jarraituko du». Gitarrek, gainera, «garrantzia gehiago» izango dute lan berrian.
Dagoeneko nahastu eta masterizatu dute lan berria, eta orain promozio arloarekin hasiko dira. Martxoan, berriz, single-aren aurrerapena kaleratuko dute; hain zuzen, Zestoan ari dira grabatzen bideoklip bat, Josu Torrealdariren zuzendaritzapean. Lehenengo zatia herriko zine zaharrean grabatu dute, eta bi aste barru hasiko dira bigarren zatia grabatzen.
Oraindik publiko egin ezin bada ere, disko berriarekin taldeak «bide berria» hasiko dutela jakinarazi du abeslariak, eta horrek taldea «indartu» egingo duela azpimarratu du: «Oso gustura gaude, hasiko dugun bide berriak esan nahi baitu aurreko diskoa ondo joan dela eta publikoaren erantzuna ere oso ona izan dela».
Gaur, azken kontzertua
«Gustura» dira biran eman dituzten kontzertuekin eta jasotako erantzunarekin ere. Azken urtea kontzertuz kontzertu eman ondoren, Madrilgo Independance aretoan amaituko dute gaur bira. «Madrilen egon garenetan harrera beroa jaso izan dugu, eta uste dut gaurkoa kontzertu polita izango dela. Gainera, abesti batzuei behin betiko agurra emango diegu, zerrendatik kanpo geratuko baitira», esan du Gaztañagak.
1zestoa.hitza.eus