Itsas ondarearen lekukotasuna

Aritz Mutiozabal 2014ko otsailaren 7a

Euskal Kultur Erakundeak ekoitzitako Itsasturiak multimedia erakusketa Sanz Enea kultur etxeko aretoan lehorretaratu da. Zarauzko Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean antolatu dute, eta atzo ireki zituen ateak; martxoaren 30era bitartean bisitatu ahal izango da. Ipar Euskal Herriko itsas munduaren eta bizimoduaren berri ematen du erakusketan, eta ondare horren lekukotza ikus-entzunezkoetan eta multimedia edukietan bildu dituzte. Duela mende batzuk Zarautz eta, oro har, eskualde osoa itsasoari begira bizi zela gogora ekarri zuen Gari Berasaluze Kultura zinegotziak. Udaletik itsas ondare aberats hori berreskuratzeko asmoa erakutsi dutela gaineratu zuen; eta, neurri batean, aurkeztu berri duten erakusketa horretara datorrela. «Euskal Kultur Erakundeak ahalegin berezia egin du Donibane Lohizune, Ziburu eta inguruko itsas ondarea berreskuratzeko, eta hein batean eredu dira, egin duten horretatik ikasteko». Euskal Kultur Erakundeak Uztaritzen du egoitza, eta euskal kultura sustatzea du xede. Azken hiruzpalau urtetatik, Eleketa programaren bidez, adineko ipar euskal herritarren ahozko testigantzak jasotzen dihardute, gai eta esparru ezberdinetako ekarpenak. Itsasturiak bilketa lan horren fruituetako bat da. Dagoeneko 230 lekukotasun inguru jasota dituzte, baina erakusketarako halako lagin adierazgarri bat prestatu dutela azaldu zuen erakundeko zuzendari Pantxoa Etxegoinek; bereziki, Donibane Lohizunen eta Ziburun jasota 30 lagunen ahotsekin. «Arrantzaleak, arrantzaleen familiak, kontserba lantegietako jendea, Dakarren (Senegal) arrantzan ibilitakoak eta abarren lekukotzak dira. Orotara, ehun bideo zati ikus daitezke, bai erakundeak berak filmaturikoak, bai telebiste kateek edo komunikabideek utzitakoak», adierazi zuen zuzendariak. Era berean, Sebastien Huste eta Séverine Dabadie argazkilarien irudiak paratu dituzte. Sei eremutan banatu dute erakusketaren mamia: arrantzalearen hainbat lanbide, arrantza teknikak, itsasontzi motak, portuko lanbideak, Dakarreko arrantza, eta Donibane Lohizuneko portuaren egungo antolaketa, alegia. Bi ordu inguruko bidaia dibulgatiboa da euskal arrantzaren historian eta bilakaeran barna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide