Egunerokora itzultzeko gogoz

Nerea Uranga 2014ko otsailaren 6a

Gogorra, benetan gogorra izan dela diote itsasaldiak kaltetutakoek. Zarauzko malekoian daude Bederen eta Marea Gora tabernak. Biek jasan dituzte kalteak, baina ez neurri berekoak. Bederen erabat txikituta gelditu da barrutik. Hantxe barruan, hondakinen artean dago Pablo Garcia negozioaren jabea. «Bi hilabete dira taberna hartu nuela, negozioa abiatu berri naiz eta orain hau...», esan du triste. Astelehena da, igandeko itsasaldiaren biharamuna. «Beste bat datorrela diote, olatu handiekin. Orain, dena txikituta dago, ez dut beldurrik. Ez dago kalte handiagorik egiterik», gaineratu du. Tabernara ura sartuz gero, horri aurre egiteko neurriak baditu Bederenek. «Entxufeak goian ditu eta estalita. Ura sartzea gauza bat da, gero garbitu eta kito. Baina, dena puskatuta dago, konponbidea zailagoa da». Leihoak, kristalak, tabernako barra, sarrera, altzariak... dena dago txikituta tabernan, «horma bat ere lekualdatuta dago». «Dena dago txikituta. Ez naiz peritua, baina hau nire ustez erabateko hondamena da», iritzi dio Garciak. Seguruen partzuergoko perituaren zain daude Bederen tabernan: «Pentsatzen dut denbora luzez egon beharko dugula zain. Hainbeste tokitan izan dira kalteak... Uste dut gehienaren kargu segurua egingo dela, baina aurrena baloratu egin beharko dute. Gero, hasi beharko dugu konpontzen». Hala ere, zain egoteko ez dago Garcia. «Taberna alokatuta dut, eta errenta ordaintzen segitu beharra daukat. Beraz, lehenbailehen konpondu eta berriro taberna martxan jarri nahi dut», azaldu du. Garbi dauka Garciak malekoia ostalaritzako negozioa edukitzeko tokia dela: «Baina, bai onerako, bai txarrerako». «Luze» joan zen itsasaldia Marea Gora taberna ere Zarauzko malekoian dago. Kalteak izan dituzte tabernan, baina ez Bederenen hainbestekoak. «Munoako harrizko hesia puskatu zuen olatu batek, eta harri puska horiek tabernako sarrera ondoko horma lehertu zuten. Ura sartu eta irten ibili zen igande goizaldean», esan du Monika Iriarte negozioaren jabeak. Kalteak izan ditu, baina barra osorik dauka, eta edarien kamarak eta halakoak bere tokian. Hondarra bazter guztietan, hala ere. «Harri puskak, dunako enborrak... denetarik atera genuen tabernatik», esan du taberna garbitzeko lanean ari den bitartean. Larunbat gauean, Marea Gora taberna itxi eta aurrealde dena egurrarekin estali zuen, igande goizalderako iragarritako olatu handiei aurre hartu nahian. «Taberna itxi eta etxera joan nintzen. Baina, igande goizaldean egoera ikustera Munoara joan nintzen. Esperientzia oso gogorra izan zen. Luzea. Olatuen zaratak zirrara egiten zuen, dena bere onetik irtenda zegoen. Munoatik malekoira jaisteko eskaileretako harrizko hesi bat puskatu eta olatuak nire tabernaren kontra nola eraman zuen ikusi nuen. Tabernako horma bat lehertu zen, handik aurrera ura etengabe sartu-irtenean ibili zen». Olatuen bolada gogorra pasatu zenean, gehiago ezin egon eta malekoira jaitsi zen Iriarte. «Taberna barrutik nola zegoen ikustera jaitsi nintzen», kontatu du. Ondoren, 07:30ak inguruan udaltzainekin hitz egin zuen, eta hauek suhiltzaileak ordubete barru iritsiko zirela esan zioten. «Hala, suhiltzaileak malekoira etorri zirenean tabernatik ura, enborrak eta harriak ateratzen lagundu zidaten», gogoratu du. Igandeko itsasaldi handiaren ondoren jasotako laguntzarekin gustura dago Marea Gora tabernakoa. «Bai udal brigadakoak, bai udaltzainak, bai suhiltzaileak... denak laguntzeko prest zeuden itsasaldia pasatu ondoren», esan du. Bederen tabernakoak bezalaxe, Marea Gorakoak ere perituaren bisitaren zain zeuden astelehen arratsaldean. Lehenbailehen egin beharreko konponketak egin eta taberna martxan jartzeko berriro. Egunerokora itzultzeko. Peritua noiz etorriko zain zeuden Getariako Bale Harri hondartza eta kaiaren arteko tabernaren jabeak ere atzo eguerdian. Bigarren aldia, gogorragoa Bale Harri taberna erabat hondatu du igandeko itsasaldiak. «Bigarren aldia da olatuek harrapatzen dutena, orain sei urte ere hondatu zuen denborale batek. Baina, ordukoan, tabernaren estruktura ez zuen mugitu eta, oraingo honetan, bai», azaldu du Maria Luisa Ezenarrok. Olatu handi batek Itsas Salbamenduko eraikinean jo, eta ondoren bueltan taberna suntsitu zuela esan du. Ezenarrok berak ez zuen ikusi, «ni Getariatik kanpo nengoen eta ez nuen ikusi. Baina, diotenez, benetan gogorrak hiru olatu izan ziren». Getariako Itsas Salbamendukoen eraikinaren hondartza aldeko horma ere pitzaduraz josita dago, hondatuta. Bertakoak, atzo eguerdian trasteak atera eta garbitzen ari ziren eraikina. Bale Harrikoak taberna ondoan zeuden atzo, egonean eta gelditzen dena zaintzen: «Peritua etorri bitartean ezin dugu ezer jaso. Bitartean, aulkiak, mahaiak... dena hankaz gora dago. Dagoeneko, aulkien erdiak lapurtu dizkigute», kontatu du Ezenarrok. Beste urteetan, urte sasoi honetarako taberna eta jatetxea garbitu eta atontzeko lanean hasten dira. «Martxoan ireki ohi dugu taberna, eta garai honetarako garbitzen eta prestatzen hasten gara. Aurten, ordea...».  Irekitzerako uda izango dela pentsatzen dute. Lanean segitzeko asmoa dute, hori bai. «Taberna ez da gurea, alokatuta daukagu. Ikusi egin beharko da aseguruak zenbat ordaintzen duen, eta horrekin zer egiteko aukera daukagun». Itsasaldia horrenbesterainokoa izango zenik ez zuten espero Bale Harrikoek. «Orain sei urte ere izan zen eta orain ere zerbait izango zela pentsatzen genuen, baina ez hainbestekoa. Ordukoa baino askoz gogorragoa izan da oraingo hau. Orain dela sei urte, herriko adinekoek halako beste bat duela 40 bat urte izan zela kontatzen zuten. Baina, oraingo hau ikusita, horrelakorik sekula ez dutela ezagutu diote», esan du Ezenarrok. Getariako kaian zeuden hormigoizko hesi handiak mugitu dituela diote Bale Harriren inguruan bildutakoek. «1.500 kilo inguruko hormigoizko hesiak nahi bezala erabili zituen urak, egurrezko kaxak balira bezala. Hamazazpi uretan daudela esan dute eta kaian aparkatuta zeuden bi auto ere bai. Beste bi auto, hesien kontra gelditu direlako libratu dira». Landareak kaltetuta Igandeko itsasaldi handiak era askotako kalteak eragin ditu: itsasertzeko azpiegiturak, herri guneak... Baina, ingurumenean ere eragin du. Aranzadi Zientzia Elkarteak jakinarazi du Zarauzko Iñurritzako Biotopo Babestuko galtzeko arriskuan dauden hainbat landare ere kaltetu dituela. «Gizakiari ez ezik, itsasertzeko landareei eta habitatei ere zuzenean eragin die, eta ondorio larrienak Zarauzko Iñurritza biotopoan izan dira». Aranzadiren arabera, Iñurritzako biotopoa biodibertsitate aldetik euskal kostaldeko garrantzitsueneko bat da, «batez ere, landare espeziei dagokienez». Bertan, Habitat Zuzentarauko I. Gehigarrian sartuta dauden habitatak daude eta EAEko espezie mehatxatuen katalogoko hamahiru landare espezie. Besteak beste, iberiar penintsula osoan Iñurritzan bakarrik dauden bi espezie. Horietako bat da Galium arenarium. Itsasoaren eragin nabariena duen dunetan ageri da eta, ondorioz, denboralearen kalterik handiena jasan du. «Goiz da eraginaren zenbatekoa zenbatzeko, baina Iñurritzako dunen aurrealdearen itxura ikusita esan dezakegu ia guztiz desagertu dela Iñurritzako biotopotik».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide