Denboralearen kalteak elkarlanean konpontzeko asmoa erakutsi dute erakundeek

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 6a

Gobernuaren Gipuzkoarako subdelegaritza Zarautzen izan da denboralearen kalteak bertatik bertara ezagutzen. (Egilea: Zarauzko Udala) Pasa den asteburuko denboraleak kalteak sortu zituen bederatzi herritako alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobenuko ordezkariekin bildu dira gaur eguerdian kalteak neurtu eta horiek konpontzeko jarraitu beharreko bideak zehazteko. Tartean ziren Orioko alkate Beñat Solaberrieta eta Amaia Dorronsoro zinegotzia, Getariako alkate Nikanor Lertxundi, Zumaiako alkate Iñaki Arrizabalaga eta Zarauzko funtziotako alkate Eider Illarramendi eta Mikel Goenaga zinegotzia. Bileran parte hartu zuten erakundeetako ordezkariak «egoerari irtenbidea eman eta konponketa lanetan inplikatzeko borondatea» azaldu dutela nabarmendu dute. Dena dela, horretarako datorren astean egingo duten bileran kalteen zerrenda eta lanen aurrekontua aurkeztu beharko dituzte udalek. Horretaz gain, lehentasuneko lanak zein diren zehaztu beharko dute eta gainontzeko lanak abiatzeko egutegi bat osatu. Datozen egunetarako ere itsaso zakarra iragarri dute eta sor daitezken kalteak ere kontutan hartu nahi dituzte. Zarautz herri kaltetuenen artean Espainiako Gobernuaren Gipuzkoarako subdelegaritza Zarautzen izan da gaur goizean pasa den asteburuan benboraleak eragindako kalteak bertatik bertara ezagutzen. Gobernuaren Gipuzkoako subdelegatu Jose Luis Herrador, funtziotako alkate Eider Illarramendirekin, Finantza eta Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrerekin eta Herrilan zinegotzi Mikel Goenagarekin bildu zen Zarautzen izandako kalteen berri izateko. Udaletik jakinatazi dutenez, Herradorrek bileran azaldu du «Getaria bideko oinezkoen pasealekuko konponketa, moilako konponketa, itsas pasealekutik hondartzarako sarbideak eta dunetako pasealekua egiteko ardura» bere gain hartuko dituela Espainiako Gobernuak. Hala ere, ez du lanak abiatzeko eperik zehaztu eta zenbait proiektuk luze jo dezaketela ere azaldu zuen. Horretaz gain, Herradorrek jakinarazi du Gipuzkoan izandako kalteen zerrenda dutenean Madrila bideratuko dutela eta Espainiako Gobernuak ere emango duela konponketak egiteko diru-laguntza. Dena dela, jakinarazi zuen udalerri kaltetuenek izango dutela lehentasuna konponketak abiatzeko garaian. Donostia izan da denboralearen ondorioz kalte gehien jasan duena eta zerrenda horretan bigarren postuan izango litzateke Zarautz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide