Igartza baserria, errautsa eta kea

Olatz Prat 2014ko otsailaren 6a

Gau gogorra izan zen asteartetik asteazkenera bitartekoa Urrestillako Igartza baserriko bizilagunentzat, senitartekoentzat eta suhiltzaileentzat, baserria guztiz suntsitu baitzuen sute batek. Goizaldeko 03:15ak inguruan piztu zen sua eta, hura nabaritu ahala, ziztu bizian atera ziren eraikinetik bertan lotan zeuden bost lagunak. Irtetzea lortu zutenerako ganbara erortzen ari zen jada. Suhiltzaileak iritsi zirenerako teilatua eroria zela azaldu dute. Bizilagun guztiak onik zeudela ziurtatu, eta argi ikusi zuten etxea sutatik libratzeko ezer egiterik ez zutela jada. Kiskaltzen ari zen. Gauean ohi baino biziago ibili zen haizeak are gehiago erraztu zion bidea suari. Azpeitiko suhiltzaile profesionalek eta boluntarioek eta Tolosako suhiltzaileek bazuten ordea lana: Igartza ondoan bizilagunek biltegi bezala erabiltzen duten beste etxera eta garajera eta bertan zegoen autora sua ez iristeaz arduratzea. Azkenean, 05:30ak aldera sugarra itzaltzea lortu zuten, nahiz eta txingarrek ordu gehiago behar izan zituzten guztiz itzaltzeko. Bizilagun denak ondo Bi etxebizitzatan banaturik, familia bereko bost lagun zeuden sutearen momentuan eraikin barruan. Denek euren kabuz eta zauritu gabe ateratzea lortu zuten baserritik. Baina, atzo goizean hori «sinetsi ezinda» zeuden, arriskua izugarria izan baitzen: «Dena galdu dugu, baina, ondo gaude behintzat, eta hori da garrantzitsuena», esan zuen bizilagun batek. Bizitza oso baten oroitzapenak dira orain bizilagunei eta familiakoei gelditzen zaizkienak eta, horiek behintzat, suak inoiz erreko ez dituen ziurtasuna. Atzokoa ez da izan, dena dela, Igartza baserriaren historiako lehen sutea. Juan Joxe Agirrek Azpeitiko baserriak argazkitan liburuan jasota duenez, 1676. urtean erabat suntsitu baitzuen beste sute batek Urrestillako baserri honen jatorrizko eraikina.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide