«Irabazteko asmoarekin hasiko gara Espainiako Olinpiadak prestatzen»

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 6a

Karitina Alberdi eta Eneko Iturbe Azken urteetan ohiko bihurtu dira zientzia alorreko txapelketak. Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHI institutuko ikasleek aurten Euskal Herriko hainbat olinpiar jokotan hartu dute parte, eta horietako bi sariak eskutan dituztela itzuli dira etxera. Karitina Alberdi (Azkoitia, 1996) eta Eneko Iturbe (Azkoitia, 1996) ikasleek, esperientzia berria izateko asmoz, Euskal Herriko VI. Geologia Olinpiadak jokatu zituzten urtarrilean, eta txapelketa irabazita, Espainiako probarako sailkatu dira biak; hurrengo hilean jokatuko dituzte Toledon (Espainia) Espainiako Geologia Olinpiadak, eta aurrera eginez gero, udazkenean mundu mailako txapelketan parte hartuko dute, Vermont-en (AEB). Aukera horien aurrean, irabazteko prestatzen hasiko direla diote. Zer dela eta animatu zineten Euskal Herriko Geologia Olinpiadetan parte hartzera? Eneko Iturbe: Ikastetxeko irakasle batek jakinarazi zigun guztioi Euskal Herriko Geologia Olinpiadak izango zirela. Parte hartzera gonbidatu gintuen, eta biok animatu ginen. Olinpiar jokoetan parte hartuta, gainera, egun horretako eskolak galtzen genituen, eta eguna lasai igarotzeko aukera izan genuen. Horrek ere animatu gintuen parte hartzera. Gainera, txapelketa irabaziz gero Toledora joateko aukera ona izango genuela bagenekien, eta lortu dugu. Hori irabaziz gero, gainera, Ameriketako Estatu Batuetako proban izango gara, eta horrek ere ilusioa piztu zuen gugan. Karitina Alberdi: Egia esan, esperientzia probatzeko asmoz joan ginen olinpiar jokoetara. Nolako txapelketa izan zen? K.A.: Leioan egin genituen Euskal Herriko Olinpiadak, eta bi zati izan zituen; aurrena proba teorikoa izan genuen: test moduko azterketa bat. Campusean Geologiako tailer batzuk egiten ari ziren une hartan, eta hara joateko aprobetxatu genuen gero. Txapelketaren bigarren proba, berriz, praktikoa izan zen. Benetako laginak identifikatu behar genituen proba horretan. Oro har, Euskal Herriko eta mundu mailako galderak egin zizkiguten. E.I.: Urola Ikastolan ez dugu Geologia irakasgaia jasotzen; Ingurumen Zientziak irakasgaia dugu, eta han ikasitako hainbat kontuez galdetu ziguten; meteorologiaz, esaterako. Espero al zenuten Espainiako Olinpiadetarako sailkatzea? K.A.: Askok esaten ziguten irabaziko genuela, baina guk ez genuen sinesten. Irakasleek ere asko animatu gintuzten, egia esan. Dena den,Olinpiadak ondo egingo genituenaren ilusio pixka bat bagenuen, baina gogoratzen naiz Leioara joan eta proba teorikoa hasi genuenean behera etorri ginela; gauza asko ezezagunak egiten zitzaizkigun. Ez genuen uste gaindituko genuenik. E.I.: Geologiako irakasgairik jasotzen ez dugunez, hango hitz tekniko asko ez genituen ezagutzen. Euskal Herriko Olinpiadetan parte hartu zuten gainontzekoek, gainera, aditu itxura zuten, eta horrek ere atzera bota gintuen. Azterketa barregura eta negargura artean egin genuen. Leihakortasun handia egoten al da halako txapelketetan? K.A.: Hasieran uste genuen hala egongo zela, baina proba hasi genuenean gure artean harreman oso ona izan genuen. Martxoaren 29an Espainiako Txapelketa jokatuko duzue. Nolako proba izango da? K.A.: Hirian zehar ginkana moduko bat egingo dugula esan digute. Ez du edukiko aurrekoaren formatu berdina, beraz. Hala ere, ez dakigu nolako galderak izango diren, ezta teorikoa edo praktikoa izango den ere. Hori bai, taldekako proba izango da; erkidegotan banatuko dituzte taldeak, eta Euskal Herriko Olinpiadetan sailkatu garen hiru lagunok talde bat osatuko dugu. Irabazteko aukerarik baduzuela uste al duzue? E.I.: Ez dakit, baina asmo horrekin hasiko gara prestatzen orain. Euskal Herriko txapelketarako baino gehiago prestatuko gara. Eta sailkatuz gero, Ameriketara... E.I.: Bai, munduko hogeita hamar herrialde lehiatuko dira han. Oso urrun ikusten dugu txapelketa hori, ordea. Halako txapelketek zertarako balio dutela uste duzue? E.I.: Geologia azkenaldian galtzen ari den zientzia dela esaten dute. Ez du izaten halako oihartzunik. Beraz, gazteak zientzia honetara erakarri eta motibatzeko balio duela uste dut. Gure kasuan, ordea, bidaia izan da motibatu gaituena. K.A.: Halako txapelketekin zientziari garrantzia ematen zaio. Asko gustatzen al zaizue geologia? E.I.: Beno, ez da gure zientzia gogokoena, baina geologia barruko atal batzuk baditut gustuko. Orduan, zuen kasuan, geologia ez al da bokaziozkoa? E.I.: Ez. Egia esan, gainera, geologia bera pixka bat aspergarria egiten zait. Hasiera batean ez dugu Geologia ikasteko asmorik, baina egia da haren inguruko ikasketak egin nahi ditugula; nik, adibidez, Ingurumen Zientziak ikasteko asmoa dut, eta horrek badu geologiarekin lotura. K.A.: Nik ere ez dut Geologia ikasteko intentziorik; Kimika ikasi nahi dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide