21 urteko behin betiko kartzela zigorra berretsi diote alaba uretara bota zuen gizonari

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 5a

21 urteko kartzela zigorra ezarri diote alaba uretara bota zuen gizonari. (Egilea: Amaia Ventas) Herri epaimahaiak hartutako erabakia berretsi eta 21 urteko behin betiko gartzela zigorra ezarri diote duela bi urte 18 hilabeteko alaba uretara bota zuen gizonari. 19 urte alaba erailtzeagatik eta beste bi urte emazte ohia mehatxatzeagatik. Ezbeharraren abiapuntua akusatuaren eta horren bikotekide ohiaren arteko eztabaida izan zela nabarmendu zuen fiskalak. Eztabaidaren ondorioz, gizonezkoak emakumeari heriotz mehatxua egin eta alaba etxetik eraman zuela adierazi zuen. Eta egun hori alkohola «kontsumitzen» igaro ostean, gauean haurra Zarautzera eraman zuela. Auzipetuak hasiera batean atxilotu zutenean aita-alabek Montetxion egin zutela lo adierazi bazuen ere,  epaiketan bertsioa aldatu eta malekoian itsas ertzetik are gertuago lokartu zirela azaldu zuena. Gizonezkoak esnatzean, berriz, alaba desagertu egin zela gaineratu zuen epaiketan. Ondorioz, alaba itsasora «bere kabuz» sartu zela eman zuen aditzera. Berak ez zuela hil zin egin zuen, eta errugabea zela berretsi. Fiskaltzak, herri epaimahaiak eta epaileak ordea, ez diote sinesgarritasunik eman akusatuaren bertsioari. Jakinarazi dutenez, gizonezkoak goizaldean alaba hartu eta itsasora gerturatu zen. Orduan uretara bota zuela nabarmendu dute, hura hiltzeko «asmo garbiarekin».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide