600 lagunek baino gehiagok eman diote babesa mosaiko erraldoiari

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 5a

ikurrina-kartela «Munoa Plaza txiki geratuko da Gure esku dago ekimenak igande eguerdirako prestatutako ekitaldiarekin». Izan ere, dagoeneko 600 zarauztar baino gehiagok eman diote  babesa ekimen horri sare sozialen bidez.  Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, plaza hori—eguraldi txarra eginez gero, Gaztelekuan egingo dute— mosaiko erraldoi bihurtzeko asmoa du Zarauzko Gure esku dago mugimenduak. Hain zuzen, 40×25 metroko ikurrina irudikatu nahi du igandean. Ekitaldia 12:30ean hasiko bada ere, prestaketa lanak eta inguratuko den «jende uholdea ondo kudeatze aldera», antolatzaileek 12:00etarako bertaratzeko eskatu diete parte-hartzaileei. Ekitaldia hasi aurretik,  partaide bakoitzari ikurrina osatu ahal izateko  kartoi mehe eta kanpainako itsaskor bana emango zaizkie antolatzaileek prest izango dituzten mahaietan. Euro baten truke egingo dute hori. Ainere Tolosa aktoreak eta Xabier Euzkitze kazetari eta telebistako esatariak koordinatu eta aurkeztuko dute ekimena. Aurpegi ezagunen babesa Jakinarazi dutenez, zarauztar asko  dira Gure esku dago manifestu eta ekimenarekiko babesa agertu dutenak, horien artean: Juan Luis Mendizabal Mendi pintorea; Nahikari Gabilondo, Iñigo Mantzisidor Mantxi, Ainhoa Agirreazaldegi, Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariak; Ane Arruti musikaria; Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a harrijasotzailea; Rafa Villafaña, Mikel Kazalis, Eñaut Elorrieta eta Manolo Urbieta musikariak;  Michael Morris hizkuntzalaria; Ainere Tolosa eta Egoitz Lasa aktoreak; Xabier Euzkitze kazetari eta telebistako esataria; Aitor Arruti Bartzelonako Euskal Etxeko lehendakari ohia; Eneritz Garmendia Zarautz Txiki abesbatzako zuzendaria;   Gaizka Garitano Eibar taldeko entrenatzailea; Fausto Berazadi eta Izaskun Mendizabal erretiratuak; Axi Muniain surflaria; Joseba Zulaika antropologoa; Joan Mari Iturria apaiza; Oreka TX taldeko Harkaitz  Martinez de San Vicente eta Mikel Ugarte; Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlea; Fernando Lopetegi telebista errealizadorea;  Iñaki Uria kazetaria eta Martxel Aizpurua biologoa. Interesa dutenek gureeskudagozarautz@gmail.com  helbidera idatzita eman dezakete atxikimendua. Giza katerako izena emateko Igandeko ekitaldia ere baliatuko da ekainaren 8rako Gure esku dago mugimenduak antolatu duen giza katerako izena emateko. Egun horretan Durango eta Iruñea batuko dituzte giza kate erraldoi batekin. Munoako edota Gaztelekuko mahaietan txartel bereziak jarriko dituzte bakoitzaren datuak eta konpromisoa jasotze aldera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide