1986an ireki zen Orioko musika eskola. Udal musika eskola izanik, Orioko Udalak ordaintzen ditu gastuak osotasunean: irakasleak, eraikina, mantenu gastuak... Hori guztia finantzatzeko, ordea, hiru diru-iturriz baliatzen da Udala: Eusko Jaurlaritzak emandako diru-laguntza, ikasleek ordaintzen dutena eta Udalak berak emandako diru-laguntza.
Musika Eskolen Sortze Legearen arabera, Eusko Jaurlaritzak musika eskolako gastu osoaren %33a bere gain hartu behar luke. Baina urtez urte ematen duen diru-laguntza gero eta txikiagoa da (gastuaren %22,3 ordaintzen du gaur egun). Horrenbestez, ikasleen tasari eustearren (gastuaren %32,43), Orioko Udalak ordaindu beharreko zenbatekoak gora egin du, gastu osoaren %45,27 izatera ailegatuz. Matrikulatu ala ez, oriotar bakoitzak 32 euro ordaintzen ditu urtero musika eskolagatik.
Balantza orekatzeko, legeak ezarritakoa betetzeko eskaera egin zion Orioko Udalak Jaurlaritzari 2013ko azaroaren 28ko udalbatzarrean onartutako mozio baten bitartez.
Aiarren eta oriotarren tasak
Danbolin Musika Eskola ireki zenetik gaur egun arte Orioko eta Aiako ikasleek tasa bera ordaindu dute musika eskola erabiltzeagatik, eta tasa ezberdina, kanpotarrek. Kanpokoak ikasleari dagokion tasa oso osorik ordaindu izan du eta, aldiz, Aiakoak eta Oriokoak Orioko Udalaren laguntza jaso izan du ikaslearen tasa ordaintzeko garaian. Urteetan izan da horrela.
Orioko Gobernuaren ustez, ordea, Aiako ikasle bakoitzak ordaindu behar duen tasa oriotarrenarekin parekatzeko zenbatekoa Aiako Udalak ordaindu beharko luke, ikasle horiek Aiako Udalean ordaintzen dituztelako zergak eta Aiako Udalak biztanle horiengatik jasotzen duelako Foru Aldundiaren Foru Funtsaren baitako diru-laguntza. Orioko alkate Beñat Solaberrietaren hitzetan, musika eskolak defizitarioa izan behar du, hezkuntza alorra den heinean, baina Orioko Udalak oriotarrei dagokien defizita ordaindu behar du. 173.107 euroko defizita du urteko gaur egun Danbolin musika eskolak.
Orioko Udalak Aiakoaren atea jo zuen, hortaz, Danbolin Musika eskolako ikasle aiarren tasaren zati hori Aiako Udalak ordain zezan eskatzeko. Akordiorik ez eta aiarrek tasa osorik ordaindu beharko zutela adierazi zien Orioko Gobernuak musika eskolako ikasleei. Hori horrela jasotzen zituen ordenantza fiskalak azaroaren 6an argitaratu ziren Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Musika eskolako hainbat erabiltzailek alegazioa jarri zuten, erroldaren araberako tasak legalak ez direla adieraziz. Legedia aztertuta, Orioko Udaleko idazkariaren proposamenez, alegazioa onartu zuen Orioko Gobernuak abenduaren 19ko udalbatzarrean. Horrenbestez, tasak lehengora bueltatu dira eta Aiako eta Orioko ikasleek musika eskolako tasa ber bera ordainduko dute 2014ko ordenantza fiskalen arabera –Orain eta Bilduren aldeko botoekin eta EAJren kontrako botoekin onartu ziren ordenantza fiskalak–.
Hitzarmen bila
Danbolin Musika Eskolako tasen inguruan negoziatzen jarraitzen dute Orioko Udalak eta Aiakoak. Ikasle aiarren tasa gaur egungoaren berdina izan dadin bermatzeko hitzarmena eskaini dio Oriokoak Aiakoari. Erdibideko zerbait eskaini diogu Aiako Udalari dio Solaberrietak. 2013ko abenduaren 19ko udalbatzarrean onartu zen mozioaren arabera –baiezko botoa eman zioten mozioari Bilduk eta EAJk, kontrakoa Orainek), ondoregoa eskatzen dio Orioko Udalak Aiako Udalari:
- Musika eskolaren finantzaziorako Udalek ordaintzen duten diru zatia ikasleen bizitokiarekiko zuzenki proportzionala izan dadin, bi Udalen arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatzea
- Aiako ikasleei dagokien eta Udalek ordaintzen duten zatiaren %50a Aiako Udalak ordaintzeko eskatzea eta beste %50 Orioko Udalak ordaintzen jarraitzea 2014-2015 ikasturtetik aurrera.
- Proposamen honen harira, bi administrazioen eta musika eskolako zuzendariaren arteko bilera bat egiteko eskatzea gaia lantzeko.
Aiako Gobernua proposamena aztertzen ari da orain, Igor Iturain alkateak adierazi duenez.
Ordenantza fiskalak aztertzen
Solaberrietaren arabera, 2014a ordenantza fiskalak aztertzeko urtea izango da. Orioko Udaleko Ogasun Batzordean aho batez hartu dute ordenantza fiskalak formulatzeko era ikertzeko konpromisoa.