Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Inauteriak gerturatzen ari direla eta, Afrika gaitzat hartu eta Zarauzko Gaztelekuak kontinente horretako bizimodua eta kultura ezagutzeko hainbat ekitaldi antolatu du. Otsailean zehar egingo dituzte jardunaldiak; larunbatetan afrikar perkusioa eta dantza ikastaroak eskainiko dituzte, doan. 12-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo dira horiek, eta Boubacar Fallek emango ditu. Senegalgo ballet konpainia nazionaleko dantzaria da Fall, eta Mayumana konpainiako kidea. Hilaren 8an izango da lehenbiziko saioa: 17:00etan perkusioari buruzkoa, eta 19:00etan dantzaren ingurukoa. Saio horietan erabakiko dituzte datozen eskoletako datak eta ordutegia.
Interesa dutenek astean zehar eman beharko dute izena Gazte Informazio Bulegoan. Informazio zabalagoa eskuratu nahi duten herritarrek horretarako bi modu izango dituztela jakinarazi dute: zarautzgazte.blogspot.com.es bloga bisita dezakete, edo 943-005122 telefono zenbakira deitu.
Martxoaren 1ean egingo dute, bestalde, Inauteri Festa. Hala, tailerretan ikasitakoa praktikan jarri eta parte-hartzaile guztien artean festa afrikar bat egingo dute Zarautzen, Fallen taldeak lagunduta. Jarraian, dantzaldia izango da Zinema pilotalekuan.