Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepide zatia hilaren 28rako konpontzea aurreikusi du aldundiak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko otsailaren 5a

Hainbat mailatako erakundeek baloratu dituzte igande goizaldeko denboraleak eragindako kalteak. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Ana Oregik datuak emateko «goizegi» dela adierazi du, eta gaurko eta biharko itsasaldiak eragin ditzakeen kalteei «itxarotea» komeni dela gaineratu du. Hala ere, portuei buruzko zenbait zehaztapen eman ditu.  Eskualdeari dagokionez, Zumaian, Getarian eta Orion egin beharreko lanez hitz egin du. Orion, esaterako, «lehenbailehen» hasiko dira barra konpontzen. Larrialdiko izapideak martxan dira, baina kalteak areagotu egin daitezkela esan du, eta nabigazio kanala inbaditu daitekela. Gutxienez 1.000.000 euro kostako da zati hori indartzea. Getarian portuko bulegoetan hainbat kalte zenbatu dute, baita pantalanetan ere. Zumaian, berriz, barrako kalteak konpondu beharko dituzte, eta uharridian erorita jarraitzen duen garabia handik atera. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak itsasaldiak errepide sarean eragindako kalteak konpontzeko 400.000 euro bideratuko dituela iragarri du, eta diru zati nagusia Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea konpontzeko izango da: 103.000 euro, hain zuzen. Errepide hori otsailaren 28rako konponduta egongo dela aurreikusi dute aldunditik. Bien bitartean, errei bat zabalik egongo da, eta baterako eta besterako zirkulazioa semaforo bidez kontrolatuko dute. Gaur, ordea, guztiz itxita egongo da 18:00etatik 00:00etara, alerta laranjak irauten duen bitartean. Bilerak gaur, asteazkena, eta bihar, osteguna «Salbuespeneko egoera honetan» askotariko erakundeen arteko elkarlana «ezinbestekoa» dela nabarmendu dute Zarauzko alderdi guztietako ordezkariek, «egoera ahalik azkarren bere onera ekartzeko». Atzo eguerdian agerraldia egin zuten EH Bilduko, Aralarreko, Ezker Anitzako, EAJko, PSE-EEko eta PPko Zarauzko ordezkariek, denboraleak eragindako kalteen ondorioak baloratu eta aurrera begirako urratsak jakinarazteko. Horien arabera, erakunde, eragile eta herritarren arteko elkarlana da, sorturiko kalteei irtenbidea emateko «modu praktiko bakarra». Eider Illarramendi jarduneko alkateak zera gaineratu zuen: «Gai honetan eredu izatea dagokigu, eztabaida politikoetan sartu gabe, eta kaltetuei eskura ditugun bitartekoak eta irtenbideak eskainiz», nabarmendu zuen. Alde horretatik, PPko ordezkari Maria Jose Lafuentek Espainiako Gobernuak ere elkarlanerako konpromisoa hartu duela jakinarazi zuen: «Larrialdi egoera honetan, biotopoko pasabidearen proiektua lehenbailehen martxan jartzeko lanen nondik norakoak zehazteko asmoa du Ingurumen Ministerioak.  Gipuzkoako ordezkaritza dagoeneko txostena osatzen ari da, eta bizpahiru egunetan amaituko du». Era berean, ministerio horrek Zarauzko moila eta pasealekua konpontzeko «beharrezko» lanak egingo dituela esan zuen. Gaur bertan bilduko dira kalteak jasan dituzten herrietako alkateak aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariekin, kalteei erantzun bateratua emate aldera. Etzi, berriz, kaltetuekin bilduko da Zarauzko Udala, euren egoera argitu eta hurrengo asteetan eman beharreko pausoak zehazteko. Horiek jasan dituzten txikizioak konpontzeko «hilabeteak» beharko direla ohartarazi zuen Illarramendik, eta gai hori koordinazio mahaian jorratuko dutela. Azkenik, Zarauzko malekoiko kultur ondarean eragindako kalteen inguruan ere hausnartuko du udalak, egileekin hitz eginez eta eskultura horiekin zer egin aztertuz. «Egoera larria da, itsasaldiak inoiz ikusi gabeko ondorioak utzi ditu herrian, eta ahazten zaila izango da, baina denon artean egoera konpontzeko bidean gara».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide