Gipuzkoako Foru Aldundiak eskualdeko garraio publikoa hobetzeko prozesua hasi zuen iazko urte amaieran, eta
Herritarrekin Martxan izenburupean, bilerak egin zituzten eskualdeko herrietan, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Aldundiak jakinarazi du teknikariak proposamen horiek aztertzen ari direla, «proiektuan kontuan hartuak izan daitezen». Horien inguruko txostenak prest dituzte dagoeneko, eta sarean daude eskuragarri; bertan, besteak beste, Aia, Aizarnazabal, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako datuak eta azterketak jaso dituzte.
Aldundiko teknikariek garraio zerbitzu berria ezartzeko aurreproiektua egingo dute orain. Ondoren, herritarrei aurkeztuko dietela adierazi dute, eta horiek beraien iritziak emateko aukera izango dute beste behin. Hain zuzen, prozesu hori hurrengo hilean hasiko dutela aurreikusi dute. Honako helbidean ikus daiteke eskualdeko txostena:
www.garraioahobetzen.net/eu/prozesua/dokumentazioa.