Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
26/11 sumarioaren epaiketako azken saioa egiten ari dira gaur Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Akusazioaren eta fiskalaren argudio eta frogak oinarririk gabekoak direla iritzita, absoluzioa eskatzen du defentsak auzipetu guztientzat.
Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunaren abokatu Aiert Larrartek goizean egin du haren defentsa mintzaldia. Izagirreren alde esan du hark Iparraldera joatean ez ziola justiziari ihes egin, "injustiziari baizik, inkomunikazioari eta torturari". Zera gaineratu du, "nola da posible 300 atxiloturen eta 10 urteko ikerketaren ondoren, soilik 3 argazki eta 5 bilera egotea?".
Defentsak absoluzioa eskatzen du denentzat, izan ere, frogatzat hartu dituzten inkulpazioak, "torturapean egindako deklarazioak dira eta ezin dira baliogarritzat hartu". Topatutako dokumentazioak ere ez ditu akusazioaren argudioak frogatzen haien ustez; defentsaren argudio nagusia da, gainera, indarkeria ekintzarik egotzi gabe, seina urteko kartzela zigorrak "desproportzionalak eta konstituzioaren aurkakoak" dela.
Bazkalorduan eten da goizeko saioa eta 16:00etan ekin diote epaiketako azken zatiari. Azken 8 auzipetuen defentsa eta ondorioak egin eta azken hitzaren ostean, epaiaren zain geldituko dira auzipetuak.