Itsasaldiak Zarautzen eragindako kalteen behin betiko txostena amaituko dute datozen egunetan

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 4a

Zarauzko Udaleko alderdi guztiek—EH Bildu, Aralar, Ezker Anitza, EAJ, PSE-EE eta PP— prentsaurreko bateratua eman berri dute, igande goizaldeko itsasaldiak eragindako kalteak baloratu eta aurrera begirako urratsak jakinarazteko. Zerbitzu saila eta Udaltzaingoa kalteen behin betiko balantzea egiten ari direla nabarmendu dute, eta datozen egunetan amaitzekoak direla. Kaltetuen egoeraren jarraipena egin eta horiek jasan dituzten txikizioak konpontzeko hurrengo aste eta hilabeteak beharko direnez, Zarauzko Udalak gai hori bere koordinazio mahaian jorratuko du. Era berean, etzi kaltetutako herrietako udalek bilera egingo dute Foru Aldundian urrats bateratuak emateko eta, ostiralean kaltetuekin bilduko dira udal ordezkariak, euren egoera argitu eta hurrengo astetan bideorria zein izango den zehazteko. Halaber, biotopoko dunarekin, Getariarako N634 errepidearekin eta moilarekin hartu beharreko jokabidearen aurrean, hausnarketa irekiko du. "Hiru kasuen trataerak ezberdina izan beharko du ezinbestean, baina gai giltzarriak izango dira. Itsas pasealekuko kultur ondarean izandako kalteen ondoren ere hausnarketa bat garatu beharko da, egileekin hitz eginez eta eskultura horiekin zer egin aztertuz", nabarmendu du Eider Illarramendi jarduneko alkateak. Elkarlana, beharrezkoa Salbuespenezko egoera horretan, erakunde guztiok elkarlanean aritzea "ezinbestekoa" da Zarauzko Udaleko alderdi guztietako ordezkarientzat, "egoera ahalbait azkarren bere onera ekartzeko".  Horien arabera, erakunde, eragile eta herritarren arteko elkarlana da, hain zuzen, sorturiko kalteei irtenbidea emateko "modu praktiko bakarra" . "Gai honetan eredu izatea dagokigu, eztabaida politikoetan sartu gabe, eta kaltetuei eskura ditugun bitarteko eta irtenbideak eskainiz". Era berean, larunbat eta igande goizaldetik gaur arte eta hurrengo astetan lanean aritu diren eta arituko diren pertsona eta eragile guztiei eskerrak eman dizkiete: Udaltzaingoa, Gurutze Gorria, suhiltzaileak, FCC, Babes Zibila, Udal Brigadari... eta baita euren borondatez laguntzera agertu dire eragile edo norbanakoei ere. "Alde batetik, zerbitzu publikoak beharrezko denean duen benetako balioa frogatu dugu eta, bestetik, herritarren borondate eta ekintzak herri honetan duen indarra balioan jarri da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide