Zarauzko itsas pasealekua jendez gainezka eta tabernak itxita. Ez da ohiko irudia. Ez da ohikoa malekoi dotorea hain hondatuta ikustea ere. Batek baino gehiagok sekulako sustoa jaso zuen igande goizean bertara korrika egitera edo Getaria bidera paseatzera atera zenean. Beste hainbat, berriz, txikizioa aurreikusi eta goizean goiz malekoira gerturatu ziren, argazkiak atera eta gertatzen ari zenaren lekuko izateko. Eta, beste hainbeste, lekuan bertan harrapatu zituen itsasaldiak, igande goizaldea izaki, herritar asko parrandan zebilelako. Edonola ere, ikuskizuna, Itxasmenditik itsas ondora lekualdatu zen herenegun —gaur bitartean auzo horretako pistan Bravo Bravisimo ikuskizuna eskainiko dute Rossi anaien zirkukoek —.
Goizeko seiak aldera itsasoak malekoia gainditu zuen, eta Hondar, Bañeru eta tabernen zonaldako kale kantoiak ubide bihurtu ziren. Gauerditik aurrera segurtasun neurri guztiak abian jarri zituzten udaltzainek, ertzainek eta Babes Zibileko kideek, eta ezbeharrik gerta ez zedin lanean aritu ziren eguna argitu bitartean. Ondoren ere, atsedenik hartu gabe jardun zuten denboraleak eragindako kalteak apaltze aldera.
Ez da lehenbiziko aldia zarauztarrek halako egoeraren bat bizi dutena, baina kasu honetan txikizioak izugarriak izan dira. Aspaldiko handienak, hain justu ere. Hiri altzariak apurtuta eta lekuz mugituta; haurren parkeak birriduta, lehen ilaran dauden lokalak urez, lokatzez eta hondarrez beteta; eskulturen zati handi bat desagertuta; lurpeko garajeak urak hartuta; portuko baranda txikituta; txalupak mila puska eginda; kostako errepidea zulatuta; duna desagertuta...Hori izan zen herritarrek goizean hondartzara gerturatzean aurkitu zuten panorama.
Ikusmina eta aztoramena
Ondorioz, aztoramena nagusitu zen. Alde batetik, ezustea izan zen saltoki eta lokaletako jabeentzat, batik bat itsasaldiak izandako dimentsioagatik. Segurtasun Sailetik halako alerta egoerak aurreikusten dituztenean behar bezalako neurriak hartzen dituzte horiek. Besteak beste, oholekin estaltzen dituzte lokaletako ateak eta leihoak, eta itsasaldeko sarrerak guztiz ixten dituzte. Hala eta guztiz ere, hori ez da nahikoa izan oraingoan. Naturak bere lekua erreklamatu zuen, ohi baino haserreago. Eta ondorioak ikusteko modukoak dira.
Asko izan dira igande goizaldeko itsasaldi gogorrak eragindako kalteak. Neurrigabeak, begi bistan denez. Orain erlojuaren kontra ondorioak zenbatzen ari dira askotariko erakundeak, ahalik eta azkarren irtenbidea bilatu eta konponketa lanekin haste aldera.
Herritarrak ere aztoratu ziren, gertatutakoa ezin sinistuta. Haiek ere baloratu dituzte itsaso harroak eragindakoak. Hain zuzen, herenegundik ez da beste gairik izan zarauztarren ahotan. «Ikaragarria», «hondamendia da hau», «ez dut sekula halakorik ikusi», «eta orduan olatua indarrez sartu eta gogor kolpatu zuen...». Halakoak entzun ziztezkeen nonahi. Entzun eta ikusi, sare sozialetan ere oihartzun handia izan baitu ostertzetik etorritako ikuskizunak. Eguna aurrera joan ahala, berriz, lasaitzen joan zen ikusmina, goizeko baldintzak apaltzen joan ziren heinean. Hondartzarako erromesaldiak, hala ere, ez zuen etenik izan arratsaldean.
Asebete ez eta olatuen harrotasunaz gozatzeko gogoz geratu direnek izango dute horretarako aukera bihar ere, zortzi metroko olatuak iragarri baitituzte adituek. Itsasoa berriz ere hazi egingo da, beraz, suminduta. Bravo bravisimo.