Itsasaldiak kalte larriak eragin ditu N-634 errepidean. (Egilea: Lorentxo Portularrume)
Larunbata eta igande artean azken urteetan izandako denboralerik gogorrenak kolpatu zuen Gipuzkoako kostaldea, eta kalte handiak eragin ditu eskualdeko kostako herrietan. Iñigo Urkullu lehendakariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Martin Garitanok, esaterako, eskualdeko herriak bisitatu dituzte gaur tokian tokiko agintariekin batera, kalteak bertatik bertara ezagutzeko.
Nork bere herriko balorazioak egin ondoren, ostegunean Gipuzkoako kostaldeko herrietako alkateak Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bilduko dira, elkarrekin egoera aztertu eta itsasaldiak sortutako kalteei irtenbide bateratua aurkitzeko asmoz. Dena dela, eskualdeko udaletako ordezkariek argi azaldu dute beren asmoa «konponketa lanak lehenbailehen hastea eta ohikotasunera ahalik eta azkarren itzultzea» dela.
Gaur itsasoak atsedena eman bazuen ere, asteazkenerako eta ostegunerako zortzi metrotik gorako olatuak iragarri dituzte Britainia aldetik datorren sakongune atmosferikoak eraginda; beraz, datozen egunetan ere Urola Kostako herritarrek eta udaletako ordezkariek adi-adi jarraituko dituzte itsasoaren gorabeherak.
Asteburuko denboraleari dagokionez, Zarautz izan da Gipuzkoan itsasaldiak txikizio gehien sortu dituen herrietako bat. Itsasoak portuko harrizko barandaren 200 metro inguru eraman zuen, eta baita lehenbiziko tunelaren parean errepide zati bat ere. Ondorioz, gaur arratsaldera arte Zarauztik Getariarako N-634 kostako errepidea itxita izan da. Errepidea itxita egoteak sortzen dituen eragozpenak kontuan hartuta, igande goizetik garbiketa lanetan ibili ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko langileak eta gaur arratsaldean errei bat irekitzea lortu dute semaforo bidez txandakako zirkulazioa ezarriz. Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez konponketa lanak urgentziaz hasteko tramiteak abiatu dituzte, eta hilabete bateko epean errepidea konponduta izatea aurreikusi dute.
Herrigunean ere sortu ditu kalteak itsaso zakarrak. Alde batetik malekoiko zorua altxatu zuen, pasealekuko eskudela birrindu zuen eta Golf pareko dunan kalte handiak eragin zituen. Bestetik, hondartza inguruko hainbat garaje urez bete ziren, eta itsas pasealekuko tabernek eta negozioek kalte larriak jasan zituzten.
Oro har asko izan dira kalteak, eta Zarauzko Udala horiek denak baloratzen ari da igande goizetik. Egoeraren larritasuna ikusita, Zarauzko Udalak informazio gune pertsonalizatuak bideratu ditu herritarrek izan ditzazketen zalantzak argitze aldera. Internet bidez
www.zarautz.org helbidean, edo Etxezabalan bertan.
Kalteen zerrenda kostaldean
Orioko hondartza inguruan ere antzeman dituzte denboralearen eraginak. Izan ere, itsasoa kirol portura eta ahateen parkera iritsi zela azaldu dute bizilagunek. Udaleko zinegotziek eta teknikariek igande goizean egin zuten ikuskapena, eta jakinarazi dute erdiko tabernan, surf taldeko lokalean, malekoian eta dunetan izan direla txikizio handienak. Horretaz gain, barrako ia bukaerako zatia ere birrinduta geratu da.
Itsasoak azken egunetan duen indarra kontuan hartuta, segurtasun neurriak errespetatzeko eskatu diete udaleko ordezkariek herritarrei. «Segurtasun neurriak herritarrak babesteko hartzen dira. Beraz, oriotarrei eskatu nahi diegu udaltzainen aginduak betetzeko eta hesitutako eremuetan barrena ez ibiltzeko».
Getarian, Zumaia aldeko espigoiak eta labarrak herria itsaso zakarretik babestu zuela azaldu du Getariako Nika Lertxundi alkateak. Hala ere, olatu erraldoi batzuk ere izan ziren, eta Ketarri taberna hondatu zuten, esaterako. Baina ez hura bakarrik: «Zumaia aldetik iristen diren olatuek N-634 errepideko hirugarren zubi parean pareta joatzen dute, eta atzera bueltan Getaria aldera etortzen dira. Modu horretan, Malkorbe hondartzako txosna txikitu zuen itsasoak». Horretaz gain, Gurutze Gorriko egoitza kaltetu zuen, eta portuan zeuden hainbat auto, arrantzako gurdi eta tresna uretara bota zituen itsaso zakarrak.
Zumaian inguruko herrietan baino «kalte gutxiago» izan dituzte denboralearen eraginez. Alde batetik, Itzurun hondartzara jaisteko eskilaretan hainbat petril puskatu zituen itsasoak eta hondar ugari eraman zuen urak, haitzak agerian utziz. Bestetik, Paroleko horman kalteak ere eragin zituen denboraleak. «Aurrez parolaren zati bat itxita zegoen urte hasierako denboraleak eragindako kalteen ondorioz. Orain, parol osoa dago itxita eta horrela jarraituko du konpondu bitartean», azaldu dute Zumaiako Udaletik. Teknikariak denboraleak eragindako kalte guztien zerrenda egiten ari dira egunotan, eta udalaren asmoa konponketa lanekin lehenbailehen hastea da.