Otsailaren 4a, Santa Ageda bezpera kantuz alaituko dute Zaragueta Herri Eskolako ikasle eta irakasleek trikitilarien laguntzarekin. Kantu-eskea egingo dute herrian zehar, 10:00tan hasita, eta herriko hainbat gunetan egingo dituzte geldialdiak. Udaletxean, Kultur Etxean, Zaharren Babeslekuan, Arrantzaleen Kofradian eta eskola aurrean egingo dituzte geldiuneak koplak abesteko. Santa Eskeko ohiko bertsoez gain, ikasleek eskolan egindako bertso saioetan sortutako koplak ere abestuko dituzte, Orioko herriari jarriak.
Ikastolakoak arratsaldez irtengo dira
Orioko Herri Ikastolakoak arratsaldean egingo dute Santa Eskea. 18:00etan hasiko dira Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleak; Ikastolatik abiatu eta Eusko Gudari kalea ibili ondoren Pelotari kalera pasatuko dira. Hortik Goiko Kalera igo eta Pillikuko plazan egingo dute geldialdia, gero Ibai Ondora jaitsi eta Udaletxe aurrean amaituko dute ibilbidea. DBHko ikasleak berriz, 19:00etan hasita, herri barruan ibiliko dira tabernaz taberna. Hauek ere, 5 eta 6. mailako ikasleek eginiko koplak abestuko dituzte betiko abestiekin batera.
Lardizabal Herri eskolan ere kantuan
Aiako eskolatik lau taldetan irtengo dira kantu-eskea egitera ikasle, irakasle eta gurasoak, 9:30etan. Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailakoak Etxetabaila eta Iruretaegia auzora joango dira, Haur Hezkuntzakoak eta Lehen Hezkuntzako 1. mailakoak Kurpidea eta Laurgain auzoetan eta herrigunean abestuko dute. Hirugarren talde batek Arrutiegia eta Olaskoegia baserrian egingo du eskea eta beste bat Andatza auzora joango da lehen aldiz, hango eskola itxi zenetik bertako ikasleak hartu baititu Lardizabalek.