Denboraleak, beste behin, eraginak izan ditu estropadetan. Surflariek marea biziei eta olatu menditsuei etekina atera dieten arren, arraunketan ibiltzeko arriskutsu zegoen itsasoa. Hortaz, astebururako aurreikusita zeuden batel jardunaldiak bertan behera gelditu dira, besteak beste larunbatean Orion jokatzekoa zena.
Itsaso nahasia egonagatik Hondarribiko traineru jaitsiera ez da geldiarazi eta XIV. aldiz jokatu da. Itsasoa zakar zegoen, eta horrek, arraunketa zaildu du. Ziabogan Orio aurretik zihoan arren, helmugaratzen lehena Hondarribia izan da. Atzetik, Orio, bi segundora. Baina estropada amaitu bezain pronto antolatzaileek etxeko taldea kanporatzea erabaki dute, buia ababorrean utzi ordez istriborrean utzi baitute. Ondorioz, Oriorentzat izan da garaipena.
22' 05" 61ko denborarekin igaro dute helmugako marra oriotarrek. Laugarrenez irabazi dute Hondarribiko jaitsiera, ordura arte herriko taldeak zuen marka berdinduz. Lorpen honen gidaritzapean ibili da Irakoitz Etxeberria, Orioko patroia; eta arraunean Mikel Azkarate, Ibon Arruti, Miguel Angel Millares, Oier Aizpurua, Alain Osanbela, Iñaki Errasti, Alexander Esteban, Asier Carbadella, Arkaitz Goñi, Andoni Peña, Endika Alberdi, Jon Albizu eta Iosu Indo.
Emaitza onak ere emakumezkoentzat, hirugarren postuan sailkatu baitira Orioko neskak. Gizonezkoen B taldea, ordea, 7. postuan helmugaratu da. Estropadako argazkiak ikusi nahi izanez gero, egin klik hemen.