Konkurtso aurrekoa eskatu du Mondragonek Danona kide den FGM Kooperatibarentzat

Urola Kostako Hitza 2014ko otsailaren 3a

Mondragon Korporazioko kide den FGM kooperatibak hartzekodunen kurtso aurrekoa eskatu du Donostiako Epaitegietan, bere zorra negoziatu eta jarduera berbideratzeko xedez. Zurgintzan lan egiten duen kooperatiba hau 2012an eratu zen, Muebles Fagor, Danona eta Coinma enpresak elkartzetik. Guztira 105 langile ditu bi lantegitan, Azpeitian bat eta Gasteizen bestea. Mondragonek adierazi duenez, enpresaren helburua bere jarduera bideratzea da, 'contract' deituriko sektorera, hoteletako, egoitzetako eta bulegoetako ekipamendua eskaintzeko proiektuetara, hain zuzen. Sektorearen gainbehera Joan den udazkenean Mondragonek Fagor Elektrotresnen egoera larriaren aurrean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen. Mondragontaldeak izandako beherakadak taldeko barneko hainbat lantegitan izan du eragina, altzarigintzan diharduten lantegietan kasu. Barne kontsumoaren jaitsiera da Mondragonen esanetan, FGMren beherakadaren arrazoi nagusietakoa; horregatik ari da norabide eta jarduera aldaketa aztertzen. Taldeak adierazi duenez, FGMk espainiar estatuan sektoreak erakusten duen beheranzko joera bera du. Behin jarduera berbideratuta, lanpostuak soberan izango direla aurreikusten du Mondragonek; gaur-gaurkoz, langileak «beste lantegietara bidaltzeko edota aurrejubilatzeko aukera desberdinak aztertzen» hasiak direla adierazi du Mondragonek. FGMk sukalde, egongela, logela, hotel eta bulegoetako altzariak merkaturatzen ditu. 13 milioi euro inguruko fakturazioa du, %60 estatuko merkatuan saldutakoa eta gainerako %40 nazioarteko merkatuan saldua. Nazioarteko merkatu berrietan sartu nahiko luke orain Mondragonek FGMrekin: Ertamerika, Txina, Ekialde Ertaina edota Afrika iparraldea, esaterako. Gaur egun 2014rako hornikuntzako hainbat proiektu abian ditu Erresuma Batuan, Frantzian, Marokon, Kuban, Txinan, Algerian, Saudi Arabian, Panaman, Kolonbian eta Mexikon.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide