Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
http://youtu.be/xkdv48CxWG0
http://youtu.be/MWdMt7inxEY
Goizeko 06:00etatik aurrera izan du itsaskiak indar gehien kostan. Alerta gorria ezarrita, olatu handiak iragarri zituzten eta pronostiko guztiak bete dira. Zarauzko itsas pasealekua hondarrez eta hondakinez beteta ikus zitekeen gaur goizean; malekoiko tabernak, gimnasio, elkarte eta bestelako lokalak hondatuta eta jendetza, itsasaldiaren ondorioak bertatik bertara ikusteko.
Bestelako kalte materialak ere izan dira. Itsasoak portuko harrizko barandaren 200 bat metro eraman du eta baita lehenbiziko tunelaren parean errepide zati bat ere. Ondorioz, Zarauztik Getariarako kostako errepidea itxita dago. Horrez gain, malekoiko zorua altxa du itsaso zakarrak, eta pasealekuko eskudela birrindu ere. Golf pareko duna desagertu egin da, halaber. Hondartza inguruko hainbat garaje urez bete da. Asko izan dira kalteak. Orain horiek baloratzen ari dira. Hain zuzen, gGoizean Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia udalerrian izan da eta lehenbiziko ordutik lanean ari dira Gurutze Gorria, udal langileak, udaltzainak, babes zibila eta suhiltzaileak.
Herritarrei datozen orduetan ere arretaz ibiltzeko eskatu diete segurtasun ordezkariek. Izan ere, arratsaldean ere kosta gogor astintzen jarraituko du itsasoak. 18:40a aldera izango da itsasgora, eta beraz, une arriskutsuena. Bareagoa izango da itsaskia; 5-6 metro inguruko olatuak altxatuko dira. Hala ere, segurtasunagatik Zarauzko Itsas pasealekua itxi egingo dute, ezbeharrik gerta ez dadin.