Udal langileak San Pelaion buzoi bat jartzen. Zarauzko Udala
Udal langileekin, udal taldeekin, herritarrekin eta askotariko arlotako eragile zein norbanakokin biltzeaz gain, beste hainbat bitarteko jarri ditu Zarauzko Udalak aurrekontuak osatze aldera. Batetik, buzoiak jarri dituzte herriko zenbait puntutan, herritarrek proposamenak idatzi eta bertan utz ditzaten. Bestetik, internet bidez ere egin ahalko dituztea iradokizunak.
Buzoi fisikoak herriko auzo guztietan aurkitu ahalko dira aurrerantzean. Bileretara joan ezin dutenek edota joanda ere hausnartu eta proposamen gehiago egin nahi dituztenek idatziz jakinarazi ahalko dute euren iritzia. Horretarako, etxez etxe biptiko informatiboak banatuko dituzte. Herritarrek bertan dagoen galdetegia bete eta postontzi horietan utzi beharko dituzte.
Interneti dagokionez,
zuzarautz.info webgunearen bidez helarazi ahalko dituzte iradokizunak zarauztarrek. Gune horretan, eskuinaldean
Aurrekontuak 2014 dioen esteka aurkituko du erabiltzaileak, eta bertan klik eginez aurrekontuen inguruko parte hartze prozesuaren webgunera iritsiko da. Bertan,
parte hartu! botoia sakatu ostean, norberaren datuak sartu eta iritzia idazteko aukera izango da. Horrez gain, aurreko bileretako aktak ere eskuratuko dituzte, hala nahi izanez gero.
Bilera gehiago otsailaren 13ra arte
Horrez gain, gogorarazi dute auzoz auzo eta arloz arloko bilerak martxan direla. Astelehenean bertan Azken Portuko auzotarrekin bilduko dira udal ordezkariak, Azken Portuko Kristau Biltokian 19:30ean. Hurrengo egunean, hilaren 4ean euskara arlokoekin izango dira Etxezabalan, 19:00etan. Otsailaren 5ean eta 6ean ere egingo dituzte aurrekontuen inguruko saioak: hilaren 5ean kirol arloko jendearekin kiroldegian elkartuko dira 19:00etan eta hilaren 6an, berriz, Alde Zaharreko bizilagunekin Etxezabalan 19:30ean.
Otsailaren 13an amaituko dute parte hartze prozesu hori. Aurrekontu proposamena otsaileko plenoan eztabaidatuko dutela aurreikusi du Udal Gobernuak.