EAJk "iraunkortasunik gabeko" aurrekontua dela uste du

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 31

EAJ udal taldeko ordezkariek udal gobernuak aurkeztutako aurrekontua "inprobisatua dela eta iraunkortasunik ez duela" uste dute eta horregatik kontra bozkatu zuten atzoko udalbatzarrean. "Definizio eta hausnarketa falta dagoelako eta Zumaiak beste behar atzuk dituelako, ez gaude aurrekontuarekin ados" azaldu zuten. Gainera, udal gobernuak akordioak lortzeko borondaterik baduen ere galdetu zuten. "2013ko aurrekontuan guk egindako hainbat emendakin onartu bazenituzten ere, horietak bat bera ere ez da egin". 2014ko aurrekontua atalez atal aztertuta EAJren iritziz funtzionamendu gastuak "altuegiak dira, ia aurrekontuaren %83a". Gainera, zerbitzuak azpikontratatu ordez Udalak berak langileak kontratatzeak "gastu arruntean murrizketa nabarmenik ez duela ekartzen" nabarmendu zuten. "Udalak herritarrei eskaini behar dizkien oinarrizko zerbitzuetan egin dira murrizketak eta hain oinarrizkoak ez diren beste zerbitzu batzuk berriz igo edo mantendu egin dituzue. Horrek zer ondorio izango du oinarrizko zerbitzuen kalitatean?" galdegin zuen Edurne Egaña EAJko ordezkariak. Zumaia Lantzenen egoerari dagokionean EAJk uste du Zumaiako Udalak "ez diola egoerari aurre egiten. Zorpetzea denboran luzatzen ari da eta interesak ordaintzen diru asko gastatzen ari dira.  Zein da kostu erreala?" Inbertsioen atalari dagokionean, EAJ udal taldeak uste du aurrekontuek ez dietela zumaiarren benetako beharrei erantzuten. Gainera, "sinesgarritasunik ez dutela" nabarmendu zuten udalbatzarrean. "Ba daude inbertsioak hirugarren urtez aurrekontuan sartu direnak. Guk proiektuen difinizio zehatza egitea eskatzen dugu, hortik abiatuta horien gastu erreala zein izango den jakiteko. Gainera, proiektu bakoitzaren bideragarritasun plana ere eskatzen dugu". EAJk aurrekontuari egindako emendakinak. Bat bera ere ez zen onartu. Udal enplegu plana sortzea Bizikidetza plana Herriko puntu beltzak identifikatu eta horiek desagertarazteko ekintza plana Etxebizitza eta eraikin zaharrak zahar-berritzeko plana Beheko Plaza eraikineko mantentze lanak Energia aurrezteko plana

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide