Urola Erdiko turismoari lotutako ataria eraberritu dute, ingurumena ardatz izanda

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 31

Iraurgi Berritzenek, Urola Erdiko udalek eta Elkarmedia enpresak  bailarako turismoari zuzendutako www.urolaturismo.net webgunea eraberritu eta osatu dute, turismoa sustatu eta zerbitzu osatuagoa eman nahian. Aizarnazabalgo, Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako, Errezilgo eta Zestoako udalek iaz abiatutako Enplegu Planaren baitan egin dute proiektua. Ingurumena ardatz nagusietako bat izan dute: «Irizpide ekologikoa oso presente egon da prozesu osoan zehar, eta sentsibilitate hori jasotzen ahalegindu gara proiektu honetan», adierazi du  Irene Elorza kazetariak, webgunearen edukiaz arduratu denak. Izan ere, Ekobailara proiektuaren lehenengo fasea izan da webgunea berritzea. Atzo aurkeztu zuten atari berria sei udaletako alkateek, eta Iraurgi Berritzeneko eta Elkarmediako ordezkariek. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatearen arabera, «punta-puntako teknologia» erabili dute webgunea berritzeko, eta telefono mugikorrerako eta tableterako ere egokitu dute. «Euskarri horiekin informazio turistikoa jaso ahal izango du edonork». Herrietako eskaintza turistikoa publikoari «modu erraz, eguneratu eta erakargarrian» transmititzeko eta komunikatzeko baliabideak sortzea izan da euren asmoa. Urola Erdiko informazio turistikoa emateaz gain, Zumaiakoa ere eskainiko dute; izan ere, Ekobailara proiektua, 2003tik martxan dagoen Urola Turismo ekimenaren testuingurura integratu dute. «Proiektu honen oinarrietako bat hasieratik muga administratiboak gainditzea izan da, logika geografikora eta bisitari edota turistaren mugikortasun logikara egokituz», adierazi du Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak. Hori izan da Zumaia bertan egotearen arrazoia. Izan ere, azpimarratu dutenez, Urola Erdiaren «irteera eta sarrera naturala» kostaldea izan da; hau da, Zumaia. Ingurumenari errespetua Elkarmedia enpresaren bitartez egin dituzte sareko aldaketak. Jesus Mujika Iraurgi Berritzeneko turismo teknikariaren esanetan, «tripak aldatu eta irudia eguneratu dugu». Itxura «garbi eta modernoa» emateaz gain, publikoarentzako «erabilerraza» izatea izan da horien helburua: «Bisitariek informazioa erraz jasotzeko moduko ataria egin nahi izan dugu». Informazio eguneratzen joango dira, eta ostalaritzako eragileen eskaintzak eta webguneak elkarri eragingo diote; «ostalariek dituzten eskaintzak webgunean jarriko ditugu». Elorzak azaldu duenez, ataria osatzen duten herriak aurkeztea izan da berrikuntzetako bat. «Herriak non dauden, zer izaera duten edota hango auzoen berri emango dugu orain». «Bolumen handiko webgunea» izanik, lau ataletan banatu dute: Esperientziak atalean plan eta eskaintza zehatzak jorratu dituzte. Proiektuaren ildoak jarraituz, Natura arloak garrantzia berezia izango du atarian. «Ikuspegi ekologikoa islatu nahi izan dugu». Mendi ibilbideak, bide berdeak edo bidegorriak edota azpiegitura berriak erakusgai dituzte han. Kultura eta ondarea atalean, berriz, kaleko artea, arkeologia eta bestelako ondarea erakutsiko dute. Azkenik, gastronomiak leku propioa izango du, eta bailarako eskaintza ez ezik, azokak eta produktuak plazaratuko dituzte, «ekonomia sustatzeaz gain, turismoa erakartzen dutelako». Horrez gain, irudiek eta bideoek garrantzia handiagoa izango dute. Sare sozialetara ere egin dute salto, komunikaziorako eta sustapenerako «ezinbesteko tresna bihurtu direlako». Era berean, Gipuzkoa mailako «estrategia bateratuaren» bitartez, sinergiak batu eta herrialdeko eskaintza partekatzeko asmoa dute. Webguneaz gain, bailarako turismoari zuzendutako mugikorretarako aplikazioak ere sortzen ari dira; aurreratu dutenez, aplikazio horietako batean bailako hainbat gida jarriko dituzte bisitarien eskura; hango informazioetatik abiatuta ezagutu ahal izango dute herria eta bertako eskaintza. Geolokalizazioaren bidez, azalpenak entzun ahal izango dituzte, gainera. «Ikuspegi integrala» Ekobailara proiektua guzatzeko pertsona bat kontratatu zuten iaz bailaran, «turismo jasangarria eta ingurune sozial, natural eta kulturalarekin errespetagarria den turismo jarduera» bultzatzeko. Horren harira, Beizamako alkateak «ekimen interesgarria» izan dela deritzo, «eskualdeko ikuspegi integrala duelako, eta aniztasuna kontutan hartzen duelako».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide