Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Espainiako Gobernuak aurkeztutako abortuaren aurreproiektua atzera botatzeko eskatuko du Zarauzko Udalak. EAJk, EH Bilduk, Ezker Anitzak eta PSE-EEk mozio bateratua aurkeztu eta gehiengoz onartu zuten etziko plenoan. Alderdi bakoitzak bere proposamena aurkeztu zuen plenoaren aurreko egunetan, gaiaren inguruan bakoitzak bere diskurtsoa zuelako. Baina, helburu bakarra zutela kontutan izanda, euren proposamena atzera bota eta guztien artean adostutakoa sinatu plenoan bertan.
Emakumeek amatasunaren gainean duten erabakitzeko eskubidea ezin dela «eztabaidan jarri» esan zuten alderdi horiek sinatu berri zuten idatziaren bitartez. Espainiako PPk proposatu-
tako erreforma aurreproiektua «murriztailea eta atzerakoia» dela salatu zuten, «30 urte baina gehiagoko atzerapausoa» ekarriko duelako. Zentzu horretan, sexu eta ugalketa-osasunari eta haurdunaldia borondatez eteteari buruzko legearen erreformarako proiektua «lehenbailehen» erretiratzeko eskatuko diote.
Mobilizazioak
PPko Maria Jose Lafuentek mozioaren kontra egin zuen, «aurreproiektu bat besterik ez» dela, eta proposamenetara irekita dagoela esanez. PSE-EEko Gloria Vazquezek horrek ez duela «konponbiderik» erantzun zion, eta emakumeen erabakitzeko eskubidea urratzen duela. EAJko Imanol Lasak aurreproiektu horrek «arazoa ez dagoen lekuan arazoa» sortu dezakeela esan zuen, eta udalak horren aurrean kontrako jarrera erakutsi behar duela. Ane Eizmendi Parekidetasun zinegotziak (EH Bildu) «PPk emakumeen oinarrizko eskubideak urratuz jaio ez denaren eskubideak defendatzen dituela» salatu zuen. Horrek, gainera, ez duela abortatzen duten emakumeen kopurua murriztuko ohartarazi zuen: «Klandestinitatera jo beharko dute».
Ezker Anitzako Mariana Aranburuk emakumeek euren gorputzaren gainean erabakitzeko « legerik ez» dutela behar gehitu zuen, eta antolatuko dituzten mobilizazioetara deitu zituen herritarrak.