Otsailaren 9an Munoa plaza mosaiko erraldoi bihurtzeko asmoa du Zarauzko Gure Esku Dago mugimenduak. Hain zuzen, 40x25 metroko ikurrina irudikatu nahi du, eta horretarako 800 lagun elkartzea espero du. «Zenbat eta pertsona gehiago agertu, are eta ikurrina handiagoa egitea lortuko dugu». Mila metro koadroko mosaiko hori osatzeko 200 kartoi mehe zuri, 250 berde eta 350 gorri banatuko dizkiete bertaratzen direnei. Zati bakoitza ekimenaren antolakuntza lanei laguntzeko euro baten truke eskuratu ahalko da. Zarauzko zein inguruetako herritarrei ekimen horretan parte hartzeko deia egin diete. 12:30etik aurrera hasiko dira antolatzen.
Goierrin ekin zion mugimenduak bidea duela bost urte, Idiazabalen, hain zuzen. Askotariko sentsibilitate eta tradiziotako herritarrak bildu eta Nazioen Mundua osatu zuten, helburu bakarraren inguruan: kirola eta kulturaren bidez nazio orok duen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Horren harira argitaratu zuten, hain zuzen, Gazta zati bat; Jon Maia bertsolari zumaiarrak gidatutako dokumentala.
«Erronka ilusionagarria»
2013ko ekainaren 8an egin zuten Euskal Herrira jauzi. Gure Esku Dago izena hartu eta Irungo Ficoba erakustazokan egin zuten aurkezpen publikoa. Eskozian eta Katalunian abiatuta prozesuak oinarrian hartuta, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldarria herritarrengana gerturatu eta ekimena dinamizatzea izan zen horren helburua. Horrekin batera, «erronka ilusionagarria» ezarri zuten: 2014eko ekainaren 8an Durango eta Iruñea batuko dituen giza kate erraldoia egitea.
Hala, bi herrien arteko 123 kilometroko bidea «eskuz esku betetzeko» asmoa dute. Kilometro bakoitza lotzeko gutxienez 400 lagun beharko direla nabarmendu dute. Interesa dutenek ekimenaren webgunearen (gureeskudago.net) bidez eska dezakete euren lekua.
Erronka horri helduz, herriz herri batzordeak osatu eta dagoeneko lanean jarri dira, ahalik eta herritar gehien biltzeko. Zarautzen ere abian dira duela hilabete batzuetatik. «Geure buruari jarri diogun erronka nagusia da ahalik eta kilometro gehien osatzea. Urratsez urrats joango gara». Zentzu horretan antolatu dute otsailaren 9rako hitzordua: «Hau guztia zarauztar eta inguruko herritarrekin partekatu nahian, hurrengo iganderako agerraldi publiko masiboa prestatu dugu».
Bestalde, Gure Esku Dagoren manifestuari atxikimendua emateko aukera izango dute herritarrek. Interesa duten zarauztarrek horretarako gureeskudagozarautz@gmail.com helbidera idatz dezakete.