Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako hainbat ekintzaile elkartuta, Urola[b] izeneko komunitate irekia sortu dute, elkarren proiektuen berri izan eta eskualdean ekintzailetasuna bultzatu asmoz.
Joan den abenduaren 9an elkartu ziren komunitatearen nondik norakoak zehazteko, eta han erabaki zuten proiektu bati hasiera ematea, 12 hilabete, 12 ekintza izenekoa. Hala, gaur izango da ekintza horietako aurrenekoa: U31 Proiektuen Azoka. 17:00etatik aurrera Sanagustin Kulturgunean ekintzailetasunaren azoka izango da, beraz. Bertan, bailarako hainbat ekintzaile, erakunde, elkarte eta ikasle bilduko dira, dituzten proiektuak mahaiz mahai, jendaurrean aurkezteko. Bertan aurkeztuko da Urola[b] mugimendua bera ere.
Gaur bilduko direnak honakoak izango dira besteak beste: Ukabi Informatika Zerbitzuak Beat and Chat proiektuarekin, Elkar-Ekin elkartea, Khamar Sagarar herriaren aldeko elkartea, Iraurgi Berritzen eta Etchola Atelier Basque OSE motokultore proiektuarekin.
Talde irekia eta horizontala
Urola[b] ekintzaileen herri mugimendua da, euren artean elkartzeko beharretik sortu da. Helburuak argi dituzte: ekintzaileen arteko harremanak sortzea eta eskualdean ekintzailetasuna bultzatzea. Astean behin elkartzen dira ekintzailetasun dinamikak ezagutzeko eta horiek martxan jartzeko egin dezaketenaz ikasteko. Komunitate guztiz horizontala eratu nahi dute, elkarren berri izan, elkar lagundu eta, noski, elkarrekintza horretatik proiektu berriak sortzeko.
Talde guztiz irekia dela nabarmendu dute, proiektu propiorik izan gabe ere, parte hartu nahi duen edonor hurbil daiteke, bai gaurko azokara, bai datozen ekintzetara eta bileretara ere. Informazio gehiago:
www.urolab.eu webgunean edo
urolabtaldea@gmail.com helbidera idatzita.