Defentsak dio «inkostituzionalak» direla gazteen kontrako eskaerak

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 31

Fiskalak nahiz Dignidad y Justiciak onartu dute gazteak ekintza publiko eta legaletan aritzen zirela, «Segiko kide gisa, ordea». Gazteen kontrako epaiketa datorren asteartean amaitzea aurreikusten da

26/11 sumarioari dagokion epaiketa hasiera batean atzo amaitzekoa zen, baina gaur jarraituko dute saioek Madrileko Auzitegi Nazionalean. Fiskaltzak Olatz Izagirre Azpeitiko bizilagunaren eta gainontzeko auzipetuen aurkako akusazioak arrazoitzea amaitu zuen atzo, eta akusazio partikularrak, Dignidad y Justicia erakundeak, 10 eta 12 urteko kartzela zigorrak eskatzeko arrazoiak eman zituen segidan. Tortura salaketen «sinesgarritasun falta» izan zen haien arrazoi nagusia, «ezinezkoa da torturatua denak hain deklarazio luzeak egitea, detaile horiekin», adierazi zuten. Ofizioko abokatuen eta auzi medikuen profesionaltasuna «ezbaian ezin dela jarri» gaineratu zuen. Gazteak mugimendu publiko eta legaletan zebiltzala onartu zuen akusazioak, «baina Segiko kide gisa», hori frogatutzat jota. Horixe bera esan zuen fiskalak ere, gazteek parte hartutako ekitaldiak eta ekintzak publikoak zirela, baina auzipetuek Segiren mesederako erabili zituztela, alegia. Defentsako abokatuek hitz egin zuten gero. Eskatzen diren zigorren desproportzionaltasunean oinarritu zen euren mintzaldia, auzipetuei ez baitzaie «indarkeriazko ekintzarik» egotzi. Auzitegi Konstituzionalaren epaietan oinarrituta, eskaerak «inkonstituzionalak» direla argudiatu zuten defentsako abokatuek, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratu ditzaketela ohartaraziz. «Alde guztiek ondorioztatu dugu pertsona hauei inputatu zaizkien ekintzak soilik politikoak eta sozialak direla», argudiatu zuen, eta nazioarteko legeak eta Espainiako jurisprudentziari begiratuta, delituzko jarduerarik gabe «militantzia aktiborik» ezin dela egotzi azaldu zuten abokatuek. Gazteen kontra sei urteko espetxe zigorra berretsi zuen atzo Fiskaltzak; herenegun hasi zen bere ondorioak azaltzen, eta Izagirreri Segiko prentsa arduraduna eta Gipuzkoako arduraduna izatea egotzi zion. Olatz Izagirreren kasuan, gainontzekoetan bezala, Guardia Zibilaren jarraipen eta informazioak, egindako ikerketa eta miaketetako materialak eta inkomunikazio aldian besteek berari buruz esandakoak hartu zituen oinarri fiskalak akusaziorako. Fiskalak onartu zuen inkomunikazio aldian egindako deklarazioak ez direla «eraginkorrak» izan, eta ezin direla bere horretan frogatzat hartu. Ondorioz, ikerketa txostenak edo miaketetan aurkitutakoak azalduz saiatu zen karguak frogatzen. Epaiketa defentsak bere txanda amaitzean bukatuko da, eta zantzu guztien arabera, gaurko saioa ez da horretarako nahikoa izango. Hori dela eta, ziurrenik datorren asteartean helduko diote berriro. Herrikoen auzia, aurrera Segiren aurkako epaiketaz gain, Herriko Tabernei dagokien epaiketa ere ari dira egiten Auzitegi Nazionalean. 35/02 sumarioan daude auzipetuta, besteak beste, Mikel Arregi Ertxin zestoarra eta Joseba Permach eta Esther Agirre zarauztarrak. Fiskalak hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du Permachentzat, eta hamarna urtekoa Agirrerentzat eta Arregirentzat. Euskal Herriko 110 kultur elkartetako ordezkariak ere ari dira epaitzen, arduradun zibil gisa, baina baliteke epaileak elkarteen aurkako neurriak hartzea. Eskualdeko Azkoitiko Zakela Kultur Elkartea, Azpeitiko Orkatz Kultur Elkartea, Getariko Harralde Kultur Elkartea, Zarauzko Arrano eta Zumaiako Inpernupe daude auzian. Epaiketak salatu eta auzipetuei babesa emateko asmoz, ekintza ugari izango dira datozen egunetan eskualdean. Zumaian, esaterako, eskualde mailako Libre Eguna ospatuko dute bihar. Festa giroan, aldarrikapena izango da nagusia egunean zehar; kalejirarekin hasiko dute Libre Eguna, eta Kofradiatik hasita trikitilariek, malabaristek, joareek eta herritarrek girotuko dute herria. Ondoren, epaiketa politikoen kontrako argazki masiboa ateratzeko asmoa dute. «Gaualdi laranja» hasiko da gero, eta pintxoak, jolasak eta musika izango dira goizaldera arte. Horrez gain, Urola Erdian auziperatuta daudenei babesa emateko pilota jaialdia egingo dute otsailaren 8ean, larunbatean. Jaialdiaren berri eman zuten asteazkenean, eta han izan ziren, besteak beste, Izagirre, Ertxin, Azpeitiko Orkatz eta Azkoitiko Zakela kultur elkarteetako ordezkariek, Urola Erdiko Libre lantaldeko kideak eta pilotaren inguruko hainbat lagun. Izagirre eta Ertxin, Segi gazte erakundean eta Herri Batasunan egindako «lan politiko hutsagatik» zigortu nahi dituztela salatu zuten agerraldian.Era berean, kultur elkarteei dagokienez, berriz, «ixteko arriskuan» daudela ohartarazi zuten. «Bi epaiketetan ez dira delituak epaitzen ari; bilerak egitea, hauteskundeetara aurkeztea, prentsaurrekoak ematea, asanbladak antolatzea, jaialdiak antolatzea, eta abar da zigortu nahi dutena, inongo frogarik gabe, gainera. Dauden froga bakarrak, torturapean sinatutako auto-inkulpazioak dira», salatu zuten agerraldian bildutakoek. Egoeraren aurrean erabaki dute pilota jaialdia antolatzea otsailaren 8an, Azpeitiko Frontoi Txikian: Ainhoa Garmendia eta Amaia Irazustabarrena Gipuzkoako pala txapeldunak Haritz Saez eta Ertxinen aurka arituko dira palaz. «Ekitalditxo» bat egingo dute segidan; Mikel Goñi pilotari profesionalak Aratz erreka auzoko Jabi eta Josu Uzkudun bikotearen aurka jokatuko du amaitzeko. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Azkoitiko Zakelan, Azpeitiko Orkatzen eta Zestoako Koioten, sei eurotan. Azkoitian ere Libre ekitaldiak izango dira asteburu honetan; gaur mus txapelketa egingo dute Ttakun, Zurt, Dean, Olaberri eta Zakela tabernetan, eta finala azken horretan jokatuko da. Bihar, triki poteoa, bertso afaria eta kontzertuak dira Zakelan eta Kontsejupean. Libre lan taldeek dei egin die «herritar denei» ekintzetan parte hartu eta «auzipetuei babesa eman» diezaieten.   Libre ekitaldiak eskualdean AZKOITIA -Urtarrilak 31, gaur.
  •  22:30ean, mus txapelketa, Ttakun, Zurt, Dean, Olaberri eta Zakelan tabernetan. Finala, Zakelan izango da. Izen ematea 20 eurotan, txapelketa jokatuko den tabernetan. Lehenengo saria 300 euro, bigarrena 150 euro, eta hirugarrena afaria.
Otsailak 1, bihar.
  • 19:30ean, triki poteoa, Zakelatik abiatuta.
  • Gero, bertso afaria, Zakelan. Txotx irekiera.
  •  Gauean, Walkmans eta Moonlight Melodies taldeen kontzertuak, Kontzejupean.
AZPEITIA Otsailak 8, larunbata.
  • 18:00etan, pala partida, Frontoi Txikian. Ainhoa Garmendia eta Amaia Irazustabarrena Gipuzkoako pala txapeldunak Haritz Saez eta Mikel Arregi Ertxin-en aurka.
  • Jarraian, ekitaldia.
  • Ondoren, Mikel Goñi Jabi eta Josu Uzkudun bikotearen aurka. * Sarrerak sei eurotan daude salgai, Azkoitiko Zakela kultur elkartean, Azpeitiko Orkatz kultur elkartean eta Zestoako Koiote tabernan.
ZUMAIA Otsailak 1, bihar. Libre Eguna.
  • 18:30ean, kalejira: joareak, malabaristak, trikitilariak... Kofradiatik hasita.
  • Jarraian, argazki masiboa aterako dute.
  • 20:30ean, gaualdi laranja: erromeria, Old Bridge, Zurraia eta Kaxianoren Alabak taldeen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide