Osasun zentroa, haurreskola eta eguneko egoitza hartuko ditu Balentziaga kaleko eraikinak. 2013ko irailean ateratako argazkia. (Egilea:Aiora Larrañaga)
Getariako osasun zentro berria, haur eskola eta eguneko egoitza hartuko dituen Balentziaga kaleko eraikinak Ulpiano Vigil-Escalera Azkoaga izena edukiko duela erabaki dute. Horrela onartu zuen udalabatzak, aho batez, joan den asteazkenean egin zuen ezohiko udalbatzarrean.
ELAN-Euskadi gobernuz kanpoko erakundeak aurkeztu zuen proposamena Getariako Udalean, Ulpiano Vigil-Escalera Azkoaga medikuak urte luzez herriaren alde egin zuen lana aitortzeko. «Pertsona errespetatua eta mirestua izan zen Getariako herritarren artean. Adinekoekin, gazteekin, etorkinekin eta Getariako herritarrekin, denekin harreman ona izan zuen. Gainera, herriko sektore politiko, sozial nahiz profesionaletako kideak bat datoz gure herrian izan den pertsonarik hurbilenetakoa dela», azaldu zuten ELAN-Euskadiko kideek.
Urte askoan Getariako medikua izan zenaren izaera kontuan hartuta, eraikin berriari bere izena jartzea aproposa dela ulertu du Getariako udalbatzak. «Eraikin horretan haur eskola, osasun zentro berria eta eguneko zentroa kokatuko dira. Zerbitzu asistentzialak, gizarteari zuzendutakoak, publikoak eta justizia sozialekoak izango dira denak, Ulpianok bere bizitzan zehar erakutsi eta aldarrikatu zituen modukoak, alegia», azaldu zuten asteazkeneko udalbatzarrean.