Pasa den urtean bezala, Rossi anaien zirku italiarra Zarautzen da aurten ere. Zehazki, Itxasmendin jarri dute karpa eta larunbatetik asteartera eskainiko dituzte emanaldiak. Zarauzko Udalak zirkuaren zuzendaritzari egindako eskaeraren eta jarritako baldintzen ondoren, Zirku Italiarrak aurten ere euskarazko aurkezlea izango du saio guztietan. Arduradunek “euskara Zarauzko haurrentzat, gurasoentzat eta ikusleentzat balio erantsia baino gehiago, berezko hizkuntza dela kontuan hartuta” bat egin dute Zarauzko Udalaren eskaerarekin, eta emanaldietan aurkezle euskalduna izango da oholtzan.
Euskara zinegotzi Gari Berasaluzeren hitzetan, “iaz bezala, aurten ere haurrek aisialdia euskaraz gozatzeko ezinbesteko urratsa da zirkuarekin adostasun honetara heltzea. Berriro ere, beraz, zirkoak euskaraz hitz egingo du Zarautzen”.
Itxasmendin aurten
Zirkoak Kortazar eremuan kokatzea eskatu baldin badu ere, Zarauzko Udalak Itxasmendiko kirol pista hobetsi du, iaz zirku horretako kamioiek Kortazar eremuan eragindako kalteen ondorioz eta aste honetako euriteek ere bertako zelaia lokaztuta dutela jakinda.
