Alerta laranja ezarri dute kostan larunbaterako, eta gorria iganderako

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 30a

Zumaiako Udaltzaingoak, esaterako, herritarrei abisu eman die ez inguratzeko itsas-ertzeetara. Kostako errepidea itxita egongo da, gainera, igande goizaldean, 03:00etatik 09:00etara. Alerta gorria ezarri du ordurako Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak: marea goran egongo da, eta marea biziak izango dira. ‪ Zarautzen ere adi-adi daude asteburura begira. Udaltzaingoko arduradunek HITZAri azaldu diotenez, oraindik ez dute kostako errepidea ixteko agindurik jaso Ertzaintzaren partetik, baina "alerta gorriarekin normalean neurri hori hartzen da, eta seguruenez itxiko dugu". Malekoia izango da zainduko duten beste guneetako bat. Tabernariak "abisatuta" daude, baina haiei dagokie taberna itxi ala ez erabakitzea. Malekoiari dagokionez, berriz, udaltzainek erabakiko dute pasealekua irekita mantendu ala itxi. Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du larunbaterako kostan, olatu handiengatik. Larunbat goizean apalagoa izango da itsasoaren egoera—hiru metroko olatuak iragarri dituzte—, baina arratsalderako sei metroko olatuak izango direla aurreikusi dute. 15:00etatik gauerdira bitartean izango da hori.
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide