Darahli Elkarteak erakusketa irekiko du astelehenean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko urtarrilaren 30a

Darahli Elkarteak abian dituen proiktuen berri emango dute erakusketan Pasa den astetan Zumaiako Darahli Elkarteak Mendebaldeko Sahararen aldeko janari bilketa egin zuen Zumaian eta ekimenarekin lotuta astelehenetik otsailaren 16ra bitartean erakusketa irekiko dute Alondegian elkarteak egiten duen lana ezagutarazteko. Erakusketak hainbat atal izango ditu. Alde batetik, erakusketa nagusian Gervasio Sanchez argazki-kazetariaren  Desagertuak lana izango da ikusgai, "Amerika Latinako, Asiako eta Europako hamar herrialdeetan desagertutako pertsonen oroimen lurperatua ahanzturatik ateratzeko borrokaren adierazpena da" azaldu dute Darahlitik. Bestetik, elkarteak eskuartean dituen proiektuak argazki bidez azalduko dituzte eta Mendebaldeko Saharako bizimodua eta ohiturak jasoko dituen txokoa izango da erakusketan. Ikus-entzunekoen atala eta informazio mahaia ere jarriko dituzte. Horretaz gain, otsailaren 8rako Darahli Saharatik Kanpo hitzaldia ere antolatu dute. 19:00etan izango da hitzordua eta Darahli Elkarteko gazteek Etiopia, Ekuador, Nikaragua, India eta Mexikon izandako bizipenak izango dituzte hizpide. Erakusketa astean zehar 18:00etatik 20:00etara izango da zabalik eta asteburuetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide