Iaz sortu zuten Modeloren Lagunak elkartea, zarauztarrei areto horretan estreinaldiko zinema eskaintzeko helburuarekin. Nahiz eta "erronka zaila" izan, eman ditu bere fruituak eta datozen sei hilabeteetan ere bide beretik jarraituko duela jakinarazi du. Hain zuzen, otsailean bi film emango dituzte areto horretan: otsailaren 1, 2, 3 eta 4an Asier eta biok eta otsailaren 15, 16, 17 eta 18an Gravity. Larunbatetan eta igandetan bi emanaldi izango dira, 19:00etan eta 22:00etan eta astelehen eta astertetan, berriz, bakarra, 21:00etan.
2013 hasieran berokuntzarekin izandako arazoak dagoeneko konpondu dituzte eta Zarauzko Udalak Modelo erosi ondoren, Kultura sailak egiaztatu du Modeloren Lagunak-ek filmak eskaintzen jarraitu ahal izango duela datozen hilabeteetan. 2013an 23 film proiektatu zituzten, batazbeste 250 ikuslekin. Hain zuzen, Una pistola en cada mano eta Life of Pi izan ziren ikusle gehien erakarri zituzten filmak; bakoitzean 400 ikusle baino gehiago elkartu ziren.
Modelon estreinaldiko zinema ematen jarraitu ahal izateko funtsezkoa izan da herriko denda, talde eta elkarteek emandako babesa. "Eskertzekoa da ere tabernen eta jatexeen laguntza. Igandetan ogitarteko eta edari bana lau eurogatik eskaintzen dute horiek, zinema saio biribila lortuz". Eskaintza hori ere mantenduko dute datozen hilabeteetan.Zarauztarrak Modelo zinemara bertaratzera animatu dituzte elkarteko kideek, "estreinaldiko filmak Zarauztik mugitu gabe eta pantaila handian ikusteko aukera mantentzen jarraitu ahal izateko". Bestalde, elkartea lagundu, iradokizunak egin edota programazioaren gainean informazioa nahi dutenek modelolagunak@hotmail.com helbide elektronikora idatz dezaketela gogorarazi dute.