Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azpeitiko EAJ udal taldeak bosgarren edukiontziaren sistemaren aldarria egin du beste behin ere, eta Udal Gobernuari eskatu dio lehenbailehen ekiteko organikoentzako edukiontzi marroia, bosgarren edukiontzia, leku guztietan jartzeari, "hondakinen bilketa berezitua egiteko gaur egun dauden sistemetatik onenea delako".
Aitor Gorrotxategi EAJko udal-bozeramaleak Legazpiko adibidea ekarri du gogora, "han, bosgarren edukiontziaren bidez %80ko bilketa bereizitua" lortzen dela nabarmenduz. Sistema hori, "bilketa berezituko ratioak lortzeko erabat eraginkorra" dela adierazi du, "garbiagoa, erosoagoa eta ekonomikoagoa" dela azpimarratuz.
Beraz, EAJk "bere garaian aho batez hartutako erabakia" gauzatzeko dei egin dio Udal Gobernuari, "bosgarren edukiontzia bultzatzearena, atez atekoa baztertuta". Alderdiko kideek adierazi dutenez, "bada garai Udalak denbora galtzeari uzteko, baita denon dirua bosgarren edukiontzia martxan jartzea atzeratu besterik egiten ez duten ikerketa eta aukerak aztertzen gastatzeari uztekoa ere".
EAJren ustez, datorren aurrekontu-proiektua "erabakigarria" eta "argigarria" izango baita, Bilduren gobernu-taldearen "benetako asmoak zeintzuk diren jakingo baitira, hondakinen gaiari eskainiko dioten diru-partida agertuko baita".
Aurrekontuak "sekreturik handienean" osatzen ari direla salatu du EAJk, eta zenbait proiekturen gainean duten informazioa (Milagrosa ikastetxea Betharrametara eramatea edota igerilekua handitzearena, kasu), "azpeitiarren begietatik ezkutatzen jarraitu beharko" dutela adierazi dute, "ardura politikorik eza leporatzea ez badugu nahi. Hori ez dator bat, inolaz ere, Udaletik etemgabe aldarrikatzen ari diren gardentasun eta partaidetza saiakera horrekin", azpimarratu du.
Bestetik, EAJk modu positiboan baloratu ditu gaur bertan bosgarren edukiontziaren inguruan egingo diren ikastaroak. Hobarien gaiari eutsita, konpostatzen komunitarioa egiten dutenek zaborraren erreziboan jasotzen duten %25eko hobaria, bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenek ere jaso dezaten eskatu du. "Hori horrela ez balitz, Udala azpeitiarren artean diskriminazioa egiten ariko litzateke, bakoitza bizi den lekuaren arabera, eta zona horrek konpostagailurik baduen ala ez kontuan izanda", gaineratu du. "Denok ordaintzen badugu erreziboa, zati organikoaren bilketan parte hartzen dugun guztiok, bai konpostagailu bidez, bai bosgarren edukiontziaren bidez, hobari berberak izan behar ditugu", amaitu du Gorrotxategik.