Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iritzia. Bostekoa: Ainhoa Alberdi
Bazen behin, duela mende asko, emakumearengan eta berak bizia sortzeko duen ahalmen horretan oinarrituriko gizarte bat, naturarekin bat, amalurrarekin bat...Gizakiak berezko dituen elkarbizitza eta kolaborazioa ziren bertan nagusi. Helduek eta indartsuek, txikiak eta ahulagoak zaindu eta babestu egiten zituzten, taldearen onerako. Laguntza zen bizitzaren oinarria eta ez borroka. Gero, boterearen artea deskubritu zuten. Gizakiak jarrera ezkorra hartu zuen bere barrenean bizirik zegoen horren aurrean, eta urruntzen joan ziren. Urruntze horrek ez du oinarri biologikorik, soziala eta ekonomikoa baizik. Horrela, animaliak menperatu zituzten beraien zerbitzura jarriz eta abeltzaintza sortu zen; landareak ere menperatu zituzten, nekazaritza sortuz; eta, gizakiak berak ere menperatu zituzten botere gose ziren haiek, politika sortuz. Boterea patriarkatuaren oinarri bihurtu zen, eta honek jabetzaren kontzeptua eta diruarena sortu zituen. Emakumeak umetokia edukitzearen ondorioz, energia zuzenean errazago ikusi dezakenez eta amalurra eta bizitzaren energiarekin lotura ukaezina duenez, arriskutsuak bihurtu ziren boterea maite zuen gizarte berri horrentzako. Hala, emakumea eta bere indarra gaiztotzat hartu izan da. Mendeetan eta mendeetan jasan ditu injustiziak, sutan errea izan da bizitzaren eta plazerraren alde egiteagatik, bortxatua izan da...
Horrela, emakumea hasieratik aurkitzen da berezko izateko modurik gabe, emakumearen izaera beste izaera batzuren menpe egongo balitz bezala (norbaiten emaztea, ama, alaba...). Askotan, ama izatea norbere gorputza gizonaren arabera erabiltzea eta ulertzea bezala ulertu da; beraz, norbere gorputzaren zentzua eta balioa galtzea eta baita norbere izatea ere. Modu hori hain izan da barneratua, emakumeak historian zehar, autosuntsiketa esperientzia hau errepikatu dutela belaunaldi batetik bestera. Gaur egun, sistema funtzionatuarazten dugula, zertan ari garen konturatu ere egin gabe, sinetsiz bikotea eta ezkontza direla sexualitate eta bizitza zoriontsu baten paradigma; kapitala dela jaten ematen digun; eta, estatuaren terrorismoa demokraziarik baketsuena eta justuena. Aspaldiko kontua da, sagarra debekatu zenekoa ere, bizitzaren plazerra errepresentatzen duen fruitua. Horrekin, emakumea erruduntzat jo zuten (gaiztakeria munduan sartu zuela esanaz), errunduntzat sugeak seduzitzea onartu zuelako...
Giza desioak gaiztotzat hartuak izan ziren gizarte patriarkalarekin bat ez datozelako. Horrek, aurrera egiteko gizakiaren bizi-indarra gutxiengora jaistea ekarri zuen; dena dominatua eta kontrolpean edukitzeko, «beeeeee,beeeee,beeee...» egiten duten ardi zuri otzanez beteriko artaldeak sortuz.
Gizarte hau eraikitzeko ezabatu eta baztertu zen emakume horrek, laztantzeko eta gizonaren magal izateko gaitasuna ere bazuen, eta gaitasun hori berriro ere berreskuratuko genuke gizonak emakumeari bere boterea itzuliko balio... Autorregulazioa berreskuratuko genuke, kuriositaterako gure barne bulkada, ekimenerako gaitasuna... Baina, gizarte honetan obedientziarako hezten da, txintxoak izateko eta horrek gure bizi bulkada errotik mozten du.
Guzti hori lortzeak ez du ezer zerutiarretik eta esoterikotik, amalurraren kontaktua berreskuratzea esan nahi du. Lurrera itzultzea. Gure uteroaren taupada berreskuratzea eta gure gorputza entzutera itzultzea. Emakumea bizitzaren ordezkaria da, eta jainkoa boterearen ordezkaria, eta naturaz gaindikoa da, ez dagoelako ordezkatuko duen ezer naturalik. Horrela emakumearen irudiaren jainkotiartze hori giza baldintza ezkutatzeko gezur bat da.
Bizitza sinfonia sentikorra da; inoiz amaitzen ez den musika duen sinfonia bat: Inork idatzi gabeko partitura bat duen sinfonia, momentuz momentu sortzen dena, eta errepikatzen diren akordeak egon arren, beti kantu berriak sortzen dituena, egilerik eta zuzendaririk gabe!
Egin diezaiogun ohore bizitzari! Gure arbaso emakumeen mina ikusi, eta beraiei itzuli diezaiegun, beraiei ohore eginez eta eskerrak emanez, eta izan gaitezen gu aske orainean. Gure gorputzarekin kontaktuan, amalurrarekin bat, uteroaren taupada bizia berreskuratuz, eta honekin batera bizitzaren plazerra eta gozamena, guretzat eta gure inguruan bizi diren guztientzat!
Hala bedi!