Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urolako itsadarra berreskuratzeko Plan Berezia. Proposamen zertzeladak:
Santiagoko dunan eta paduran
Santiagoko paduran eta dunan, landaretza eta fauna berreskuratzea du helburu Plan Bereziak. Santiagoko hondartzako azpiegiturak errepide aldera eramatea ere jaso dute planean: hondartzarako sarrera bat jartzea errepide aldetik, aldapa bat eginda. Horrez gain, erdian dagoen txosna kendu eta hori ere errepidearen azpialdera eramatea. «Hondartzako taberna dunaren erdian dago eta horrek ez du zentzurik», Aitor Leitza Zumaiako Ingurumen zinegotziarentzat. Azpiegitura guztiak errrepidearen azpialdera eramatea da planak esaten duena, «jendea ibiltzen den tokian jarriz».
Duna babestu egingo dute, oinezkoentzako bideak zehaztuz eta seinalatuz. Esaterako, Santiago aldetik dagoen bidea, bakarrik oinezkoentzako jarriko da, eta Zuloagaren kontra. «Ibilbide batzuk ofizializatu egingo dira, markatuta, eta hor bakarrik ibili ahal izango da». Kenduko dituzten bidezidorrak «zentzurik ez daukatenak» dira. «Hala ere, barrutik ibiltzeko moduko duna bakarra egongo da, toki gehienetan zuzenean sarrera debekatu egiten baitute». Zumaiako dunaren eremu batzuk jendearentzako itxita daude gaur egun ere. «Itxita dauden eremu gehienak lehenengo faseko dunak dira. Hor jende asko ibiltzen bada landaretza ez da hazten, inguru hori oso ahula delako».
Kai aldean
Kai aldean txalupa tradizionalentzako amarralekuak egongo direla dio planak. «Helegiterik ez bada jasotzen gai hori dela eta, horretarako izango da», esan du Leitzak. Ingurumenarekin zerikusirik ez du, baina tradizioarekin eta kulturarekin lotutako kontuak ere txertatu dituzte planean, «inportantea iruditu zaigulako», azpimarratu du Ingurumeneko udal arduradunak.
Artadian
Oinezkoentzako bidesarea berreskuratzea. Artadiaren aurreneko zatian, orain nekazal etxea dagoen inguruko lurretan, lehen zegoen bidesarea eskuratzeko asmoa jaso dute Plan Berezian. «Bidesare hori garbitu eta jendearentzako irekitzea da asmoa. Zati bat ez da egingo, azkeneko loturak azpiegitura aldetik gastu handia behar duelako. Gainera, zati horretan luizi asko izan dira», azaldu du Leitzak. Baina bideak garbitu eta jendearentzako irekitzeko asmoa dute, datorren udaberri edo uda alderako. «Aurten egingo dugu, lur gehiena udalak kudeatzen duelako. Hala ere, beste lurjabe batzuen zatiak ere badaude. Haiekin hitz egin dugu eta arazorik ez dute azaldu».
Basadizar ingurua
«Araztegiaren kontra gaur egun dauden baratzeetan, printzipioz baratzak jarraituko dutela jaso dugu planean, baina padurak berreskuratzeko aukera ere aurreikusten du planak», azaldu du Zumaiako Ingurumen zinegotziak. Basadizarreko lur eremu hori baratzarako edo padurak berreskuratzeko bakarrik izango dela zehaztu dute planean.
Padura berreskuratzeko proiektu bat egin beharko litzateke gero, ordea. «Hori da Zumaiak padura berreskuratzeko daukan tokirik errazena», Leitzaren arabera.
Baratzen ondoko pasealekuan estalki natural bat egitea ere jaso dute planean: «Txikiak izango lirateke, metro edo metro eta erdikoak, eta uraren kontra. Uretatik gizakiak gehiegi ikusten dira hegaztientzako nahiz beste animalientzako. Jendearen oinak ikusten dira, eta gizakiaren irudia puskatzeko egingo da estalkia. Gutxienez trenbideraino egitea aurreikusten da». Hori dela eta, Zumaiako Udala Zuhaitz Eguna eremu horretara bideratzen ari dela azaldu du Leitzak, «hemendik urte batzuetara bertan estalki natural bat egoteko».
Inguru horretan hegaztiak ikusteko behatokiak egitea ere jaso dute Urolako itsasadarra babesteko eta berreskuratzeko planean: «Toki estrategiko bat dago, non eremu guztia ikusten den». Basadizarrez ari da Leitza. Horrez gain, beste behatoki bat aurreikusi dute jartzea Kantera Gainan.
Jose Mari Korta industrialdetik Zumaia aldera gelditzen den zelaigune handian, berriz, padura berreskuratu nahi dute. «Urolako itsasadarra berreskuratzeko planaren muina litzateke, baina inbertsio handia eskatzen du», esan du Leitzak. Eremu horretan zerbait egin nahiko balute, lurrak desjabetu beharko lituzkete. Ondoren, Zumaiako Udalak lur eremua eskuratu ondoren, proiektu bat egin beharko luke. «Eremu horretan padura berreskuratzeko, zabalera guztian 5 edo7 metroko lur bolumenak mugitu beharko liratezke. Autobidea egin zutenean, hondakin guztiak bertara bota ziren, eta eremu handi hori hango materialaz beteta dago. Aurrez eremu hori guztia baratza zen, eta are aurrerago, padura», esan du Leitzak.
Bedua aldean
Bedua aldean eta ibai ertzean eremu horretako landaretza bultzatu nahi dute. Baina, kasu honetan, hainbat baserritarrekin talka egiten du planaren helburuak. «Oikia aldean tradizio handia dago, ur ertzak Indiako kainabera bat ustiatzeko erabiltzeko. Baina eremu hori ez da horretarako; gainera, landare hau inbaditzaile bezala dago katalogatuta». Planak landare inbaditzaileen kontrako kanpainak egingo direla dio, eta aipatzen dituenetako bat Indiako kainabera da.
Mantzisidorko zubia
Itsasadarraren goiko eremuan, Mantzisidorreko zubian platanoak daude landatuta eremu batean. «Handiak dira, moztu gabe daude. Inguru hori ibai ertzari dagokion zuhaitzentzat uztea aurreikusten da planean: altzadia-edo sortuz».
Urola ibaiaren ubidea
Urola ibaian Beduaraino ontziekin ibili daiteke. «Garai batean, ontziola bat zegoen Beduan, eta harako sarrera pixka bat berritzea sartu dugu planean. Horrez gain, Beduako baserria bera ere arkitektura aldetik berreskuratu nahi da, merezi duelako», azaldu du Leitzak. Azkenik, Urolako ubidean piraguistek, arraunlariek nahiz arrantzaleek ibiltzeko aukera izango dutela dio planak. «Urolak duen ubide naturaletik ibiltzeko aukera jasotzen du planak. Itsasotik goruntz joanda, irlak ezkerretara utzi beharko dira; eskuinaldetik ezingo da ibili; hori hegaztientzako-eta utzi beharko da. Gaur egun ere, gehienak ezkerraldetik ibiltzen dira».