Santiagoko hondartzako duna.
Zumaiako Udalak Urolako itsasadarra berreskuratzeko Plan Berezia egin du, Santiagoko hondartzatik hasi eta Oikiara arteko eremua berreskuratu eta babesteko helburuarekin. Helegiteak aurkezteko epea bukatu berri da, eta orain horiek erantzun beharko ditu Zumaiako Udalak. Ondoren, plana udalean berriro onartu beharko dute.
Urolako itsasadarra Natura 2000 sarearen parte da, eta orain dela urte batzuk Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak. Aitor Leitza Zumaiako Ingurumen zinegotziaren arabera, «eremu horrek ingurumena berreskuratzeko eta kontserbatzeko bakarrik izan behar du, atzerapausorik ezin da eman eremu horretan. Urte askoan ez da ezer egin, eta guk orain erreminta urbanistiko bat hartu dugu eremu hori garatzeko, plan berezi bat egiteko prozesua martxan jarriz».
Plan Berezia garatzeko prozedura martxan jarri eta aurrera eramateko erabakia hartu du Zumaiako Udalak, baina aurretik Zestoako eta Getariako udalen onespena jaso du. Muga aldetik, Bedua baserria eta sarrera Zestoa dira, eta Santiago hondartzako eremu bat, berriz, Getaria. «Udal horiek plenotik pasatu dute Zumaiako Udalak asmoarekin aurrera egin ahal izateko, eta ekarpen batzuk ere egin dizkiote proiektuari», esan du Leitzak. Horrez gain, Zumaiako Udalean ere Plan Berezia osatzeko hainbat bilera egin dituzte talde teknikoarekin, eta parte hartzeko hiru prozesu ere egon dira.
Plan Berezia osatzeko erabili duten prozedura egokia dela uste du Leitzak: «Alde horretatik oso lasai nago. Uste dut, prozedura aldetik gauzak oso ondo egin ditugula».
Urolako itsadarraren Plan Bereziaren helburu nagusia eremua berreskuratzea eta babestea da. «Udal bezala, bertako ingurumena, landaredia eta animaliak babestera derrigortuta gaude. Bestela, isun handiak jasoko genituzke». Plan Berezian ingurumenaz gain, kultura, tradizioa eta arkeologia ere jaso dituzte.
Leitzaren arabera, hainbat urtetan «suntsitu» egin dira padurak, erriberak, dunak... Horregatik, gaur egun herri gutxik dute halako ekosistema bat. «Beraz, zerbait dugun udalerriotan, daukagun hori berreskuratzeko eta urte askoan hala izan dadin bermatzeko ardura handia daukagu. Ez udalerriarentzako bakarrik, denontzako baizik».
Ekologikoki oso herri aberatsa
Zumaia, orokorrean hartuta, ekologikoki «oso herri aberatsa» dela azaldu du Leitzak: «Padurak, duna, artadia, erriberak, flysch-ak... ditu udalerriak». Plan Berezi honen bidez, eremu interesgarriak eta aberasgarriak babesteko apustua egiten dela dio. Padura aldetik, Santiagokoa eta Beduako irlaren inguruko eremua jaso dituzte planean. «Bi eremuak oso interesgarriak eta desberdinak dira. Baina kostako herri gehienetan paduren gainean eraiki da, eta ekosistema horiek hondatzen utzi ditugu. Horregatik, gelditzen diren gutxi horiek harribitxiak dira, eta horien balorea hazi egin da».
Santiagoko hondartzako duna, Zarauzkoarekin batera, «egoera on samarrean» gelditzen den Gipuzkoako bakarretakoa dela uste du Leitzak. «Zumaiako Santiago hondartza berez gizakiaren eraginez sortutakoa da; uharridia egin eta gero, haizearen eraginez hondarrez betetzen hasi zen eremua duna sortuz. Gaur egun, hazten ari den duna bakarretakoa da». Landaretza aldetik, berriz, Zarautzen eta Zumaian bakarrik dauden landare berezi batzuk badaudela dio. «Beraz, dunaren ekosistema mantentzeko eta babesteko ardura handia daukagu».
Artadiak, berriz, Europak babestu egiten dituela azaldu du zinegotziak. Zumaiak, kasu honetan, bitxikeria bat daukala gaineratu du: «Bizkaiatik hona arteko kostan artadirik handiena dauka Zumaiak». Administrazioak katalogoan jasota dauden landareak eta animaliak babestera eta berreskuratzera behartuta daudela esan du. «Esaterako, aurrez aipatutako ekosistema horietara etortzen diren hegazti guztiak sartuta daude katalogoan. Gure ardura da hegazti migratzaile horientzako gasolindegiak mantentzea eta berreskuratzea».
Planaren epeak
Plan Berezia ekainerako onartua izateko itxaropena du Leitzak: «Baikorra izan nahi dut, eta ekaineko plenoan onartzea espero dut». Bitartean, udalaren esku dauden hainbat kontu aurreratzeko asmoa dute. Hala nola, Santiagoko hondartzan eta dunan dauden landare inbaditzaileen kontrako kanpainekin segituko du udalak. «Urte asko dira lan horri ekin geniola eta, zoritxarrez, segitu egin beharko dugu. Landare inbaditzaile asko daude: batzuk oso kaltegarriak dira, beste batzuk ez hainbeste; eta, batzuk errazak dira kentzen, baina beste batzuk ezinezkoak».
Horrez gain, udaberri edo uda alderako artadian oinezkoentzako bidesarea berreskuratzeko asmoa du Zumaiako Udalak. «Udalaren asmoa, garai batean zegoen bidesarea garbitu eta jendearentzako irekitzea da. Aurten egingo dugu, lur ia denak udalak kudeatzen dituelako. Esan behar da, beste lurjabe batzuen zatiak ere badirela eremu horretan, baina haiekin hitz egin dugu eta arazoik ez dute jarri», azaldu du Leitzak.
Zumaiako Udalaren webgunean Plan Bereziaren dokumentazio osoa ikusgai dago.