Martin Guevara, Capsula taldekoa: "Urte hauetan eginiko lanaren fruitua jasotzen ari gara"

Aritz Mutiozabal 2014ko urtarrilaren 30a

Capsula taldea etzi Sanagustin kulturgunean ariko da. Jatorri argentinarra duen hiruko bilbotarra da Capsula. Hamabost urteko ibilbide luzea du Martin Guevara abeslariak eta gitarristak gidatzen duen taldeak. Denbora tarte horretan, bederatzi disko argitaratu dituzte, eta hainbat bira egin dituzte Europan eta Ameriketan barna. Etzi, Solar Secrets lanik berriena aurkeztuko dute Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; jaialdia Sermonds taldeak irekiko du, 23:00etan. Zeintzuk dira disko berriak ezkutatzen  dituen eguzki-sekretuak? Diskoaren sekretu guztiak modu esplizituan ageri dira abestietan, eta, batez ere, doinukeran. Taldearen ibilbidean doinu molde jakin batzuk bilatzen aritu gara, eta disko honetan inoiz baino nabarmenagoa izan da. Taldearen progresioak eta eboluzioak gure doinu propiorantz eraman gaitu. Zentzu horretan, aurreko diskoekin alderatuta, honakoa helduagoa da. Askoz ere gusturago sentitu gara estudioan, baita ekoizlearekin egindako elkarlanean ere. Tony Visconti izan dugu ekoizle eta, egia esan, kristorena izan da harekin lan egin ahal izatea. Gure idoloek sortutako disko askoren atzean bera egon zen, dela David Bowie dela T. Rex. Paradoxikoa dirudi Viscontirekin lan egitea, David Bowieren Ziggy Stardust diskoaren omenaldi bira egin ondoren, ezta? Oso modu naturalean sortu da guztia. Itzulia eman eta itxi den ziklo bat izan da taldearentzat harekin lan egitea. Gu­re oinarrizko erreferentzien eta eraginen atzean Visconti bera egon zen soinu mahaian. Gure disko gogokoenen sortze prozesuak lehen pertsonan bizi izan zituen... Paradoxikoa baino gehiago, bilakaera naturala izan da. Noizbait etorri behar zuen eta orain iritsi da. Errespetu handiko elkarlana izan dela dirudi, behintzat. Hala izan da, zalantzarik gabe. Elkarren artean errespetu handia sortu zen hasiera-hasieratik, baita elkarrekin lan egiteko gogo bizia ere. Hark talde berri bat ikusi zuen gugan, musikari klasiko horienganako miresmena zuen talde bat, eta, era berean, doinu berri bat eskaintzen duena rock-and-rollaren esparru zabalean. Gure aldetik, bera bezalako izar batekin aritzea itzela izan zen. Oso pertsona gertukoa da, eta maisu handia benetan. Bere eskulanaren ondoren,  zerbait aldatu al da? Diskoa ehuneko ehun Capsula da. Viscontik zuzenean entzun gintuenean, talde berezia ginela ohartu zen. Berehala igarri zion zeintzuk ziren gure indarguneak, eta nondik bideratu ahal gintuen, gure onena eman genezan. Bete-betean asmatu duela uste dugu. Ekoizlearen eskua eta jenialtasuna erakutsi zigun; hau da, itzalpean geratzea taldea goratzeko. Diskoak urteetan bilatzen aritu zareten doinua islatzen duela adierazi duzu. Doinu horrek, nolabait esateko, ñabardura ilunak ditu. Munduak sasoi iluna bizi du. Beharbada, milioika urtetako eboluzioaren ondoren, ez da bere unerik onenean aurkitzen. Diskoak bere osoan hori guztia islatu behar zuela iruditu zitzaigun. Kontzienteki edo inkontzieteki, iluntasun hori tankeratuz joan da abesti berrietan. Iluntasunak iluntasun, Capsularen proposamena nazioartean gero eta gustagarriagoa dela dirudi. Nazioarteko zirkuitu jakin baten parte sentitzen gara. Duela gutxi Austin Dsych Fest jaialdian aritu gara Texasen (AEB), eta bertan psikodeliako talde nahiz musikari entzutetsuekin partekatu dugu agertokia. Komunitate bat osatzen dugu genero horretako taldeok; betiere, bakoitzak bere ñabardurekin. Azken bi hilabetean AEBetan ibili gara Solar Secrets lana zuzenean aurkezten, eta oso bira bizia izan da, ia gauero taula gainera igo baikara. Esperientzia izugarria izan da. Urte hauetan guztietan egindako lanaren fruitua jasotzen ari gara. Kontzertuz kontzertu, zuzenean ikusi nahi gintuzten zaleekin egin dugu topo, eta haiekin egotea nahiz hitz egitea plazer handia izan da. Energi­az bete gaitu publikoarekin eduki dugun harreman profesionalak eta, era berean, gizatiarrak. Etzi Azpeitian izango zarete. Etxean, Euskal Herrian, ere baloratuak sentitzen al zarete? Bai, zalantzarik gabe. Inor ez omen da profeta bere herrialdean, baina gu maitatuak sentitzen gara etxean. Joan den asteburuan Gasteizko Helldoradon eta Tolosako Bonberenean aritu ginen, eta oso gogotsu gaude Azpeitian jotzeko. Duela urte pare bat izan ginen azkenekoz. Lagun ugari ditugu han inguruan, eta ikaragarri ongi pasatu genuen orduko hartan. Kontzertu bakoitza festa handi bat da edozein tokitan, baina Euskal Herrian jotzea beti da berezia. Eta larunbaterako sekulako emanaldia prestatzen ari gara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide