Libe Altuna: "Entrenatzen nuen garaia irudikatzea arraroa egiten zait"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko urt. 29a, 18:55

Libe Altuna. Joan den ekainean iragarri zuen Libe Altunak (Zarautz, 1985) goi mailako eskubaloia uztea. Denboraldi berria hasita, «arraro» sentitzen da. Baina «gustura» dago, bere kirol jardueragatik bihar egingo dioten aitorpenagatik: «Ilusio handia egiten dit, denbora pasatuta ahaztu egiten direlako halako gauzak». Nola hartu duzu albistea? Oso gustura nago. Ilusio handia egin dit herritarrek eta kirol eragileek nigan pentsatu izanak. Urte askotan egindako jarduera aitortzea pozgarria da; izan ere, denbora bat pasatuta, ahaztu egiten dira halako gauzak. Iaz utzi zenion eskubaloian modu profesionalean jokatzeari. Herrian  egin dizuten  lehen omenaldia al da? Bai. Baina, Txaparrotan hondartzako eskubaloi festaren bukaeran ohorezko sakea egiteko eskatu zidaten eskubaloi sailekoek. Momentutxo bateko kontua izan zen, baina ilusi handia egin zidan horrek ere. Denboraldia hasita arraro sentitzen al zara eskubaloian jokatu gabe? Bai, arraro sentitzen naiz, batez ere, eskubaloi jokalariak lehian ikustera joaten naizenean. Pentsatzen dut: «Nolatan jarraitzen dute, bukatu da eta?». Niretzat aro hori bukatu delako, guztientzat ere hala gertatu dela iruditzen zait. Oso arraroa da. Pentsatzen jartzen naiz entrenatzen nueneko garaietan, eta oso zaila egiten zait une horiek irudikatzea. Urrutiko zerbait dela dirudi. Sentsazio arraroa da. Modu batera edo bestera eskubaloia segitzen al duzu? Bai, ahal dudan guztietan eskubaloi partidak ikustera joaten naiz, oihu egin eta animatzera. Jokatu, ordea, ez dut egiten. Kirola praktikatzen jarraitzen dut, baina eskubaloiarekin zerikusirik ez duen kirola egiten dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide