Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Kirol Patronatuak urteko kirolari onenak eta alor horren inguruan lanean diharduten zarauztarrak saritu ohi ditu. Abenduan abiatu zuten 2013ko hautagaiak aukeratzeko prozesua, eta askotariko kirol taldeen proposamenak jasotzeaz gain, herritarren iritzia ere izan dute kontuan. Zerrenda osatu dute dagoeneko eta bihar egingo dute ekitaldia, Modelon, 19:00etatik aurrera.
Aurten, zazpi sari banatuko dituzte denera. Estibaliz Alvarezek jasoko du emakume kirolari onenaren saria. Atletico San Sebastian sofbol taldeko jokalaria da zarauztarra, eta iaz Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Bestalde, iaz Euskal Beisbol eta Sofbol Federazioak kadeteetan jokalari onena izendatu zuen Alvarez.
Ager Valderrey judokari emango diote, bestalde, gizonezko kirolari onenaren saria. Lizardi judo taldeko kideak Espainiako Txapelketan junior mailan parte hartzeko plaza irabazi zuen, besteak beste. Horiez gain, Zast Zarauzko Saskibaloi emakumezko kadete taldeari eta Zarautz Rugby Taldeari ere aitortuko diete euren lana. Baita Juan Antonio Mendizabal eta Ernike Kortajarenari ere halterofiliaren alde boluntario lanetan jardun izanagatik. Codeam enpresa ere sarituko dute triatloiari eskainitako babesagatik. Halaber, Libe Altuna eskubaloi jokalari ohiak jasoko du kirol ibilbidearen aitorpena. Bederatzi denboralditan Bera Bera taldean jokatu eta iaz erretiratu zen.
Ainhoa Murua triatletari eta Aritz Aranburu surflariari aipamen berezia egingo diete. Muruak Munduko Kopako proba bat irabazi zuen iaz aurrenekoz, eta Aranburuk WCT zirkuituan tartea egitea lortu du berriro.