Igaro berri dugun bertsolari txapelketaren oihartzunak oraindik amaitu ez direnean, nire ikuspuntu apala azaldu nahiko nuke. Barakaldon hamahiru mila ikus-entzule baino gehiago izan omen ziren eta auskalo zenbat telebistaren aurrean, eta hauen artean ni neu, ebakuntza baten erruz. Horrexegatik garbi utzi nahiko nuke hasi aurretik, ez diodala nire opilari ikatza arrimatu nahi, nire ikuspegi pertsonal eta xumea soilik azaldu baizik.
Ez naiz bertsozale amorratua, ezin dut bertso bakar bat buruz ikasi eta, are gutxiago, bertso bat osatu, baina nire bihotzeko txoko batean beti dago bertsoentzat argi ezkutu bat piztuta. Hala ere, nire lehen oroimena ez zen argia pizteko etengailu aproposena izan.
Berrogeita hamar urte igaro badira ere ez zait oraindik ahaztu, ez, ni mutil koskorra nintzela eta nire begi harrituen aurrean, nola esaten zioten Basarriri bere lagun eta ezagunek: ez hadi joan, Inazio, txapela emana zegok eta! Uztapideri emango ziotela ziurtzat jotzen zuten Basarriren ingurukoek. Hala ere Basarri handia aurkeztu egin zen baina txapela Uztapidek eraman zuen.
Lekuko izan nintzen gertakizun honekin, ez dut esan nahi Uztapidek ez zituela hiru txapelak zilegitasun osoz eta ondo merezita irabazi, ezta gutxiagorik ere, baizik eta horrelako esames, zurrumurru eta txutxu-mutxuak ohikoak zirela garai haietan. Hala ere oraintxe jakin dut Tumatxak programari esker eta Amurizaren ahotik, Xalbador berak merezi izan zuela txapela, zazpi minutuko txistualdi lotsagarria eskaini zioten egun hartan. Eta, agian, horixe da gaur egungo bertsolaritzak, Bertsozale Elkarteak bere esku hartu zuenetik, lortutako lehen garaipena; susmo hauek guztiak uxatu eta baztertuak utzi zituela betirako. Epaimahaikoen maila eta objetibotasuna inork ez du zalantzan jartzen eta horixe izan da abiapuntua, nire iritziz, aurrera egin eta urrutira iritsi ahal izateko.
OINARRIA
Garai haietatik beste hogei bat urtek igaro behar izan zuten ni bertsolaritzara hurbiltzeko. Txapelketa berriekin egin nuen topo. Amurizaren, Lopategiren, Enbeitaren... bertsoek, mundu berri bat ireki zidaten, modernitateari ateak zabaltzen zizkion bertsolaritza, Arestik poesiarekin egin zuen legez.
Baina ni bertsotan betirako murgilduta geratzeko argi berri bat piztu behar izan zitzaidan kaskoan. Semea hasi zen idatzizko bertsoak osatzen eta urtero tokatzen zitzaigun bailarako herri batera joatea eskolarteko txapelketan parte hartzera. Idatzizkoen ondoren bat-batekoen txanda tokatzen zen eta familia osoek ikusten genituen ekitaldi haiek. Hantxe geratu nintzen aho bete hortz maila guztietako neskato eta mutikoen naturaltasunarekin, hanka sartzeekin, bertsoa osatu ezinezko amorrazioarekin.
Oraindik gogoan dut Zumaiako aretoan, hamalau bat urteko bertsolari trebe baten “mekaguen” ozena, bertso bat osatu ezinik geratu zenean. Benetako bat-bateko bertsolaritza gordina gure begi harrituen aurrean. Hari haietan geratu nintzen korapilatuta betirako. Gero, oraindik sinesgaitza egiten zaidan final handi bat tokatu zitzaidan ikustea: Balda frontoian, orduan inor gutxik ezagutzen zituen Euzkitze eta Sarasua, aurrez aurre hemezortzi urterekin. Begiak igurzten genituen gazte haien erraztasun eta kalitatearekin. Berdinketa hausteko bertso gehiago paratu behar izan zituztela ondo gogoratzen dut baina ez naiz oroitzen nork irabazi zuen. Egia esateko ez dio axola. Gainera gaztetxoen mailan (hamalau urte) beste bertsolari handi eta harrigarri batek irabazi zuen txapelketa, baina bere izena ahaztu bazait ere, oraindik ikusten ari naiz bere irudi argal eta betaurrekoduna, nire betsarean betirako itsatsita geratu baita. Ez dut uste bertsolaritzan jarraitu duenik, ez behintzat txapelketetan.
KALITATEA
Makina bat bertso-saio ikusi nituen urte haietan, bereziki gazteenak, tartean Euskal Jaietan urtero Zarautzen ospatzen den txapelketa, baina geroztik ez naiz izan bertsotara askotan joaten diren horietakoa. Halere, hogei urte hauetan jaso ditudan emozio handienetakoak bertsolaritzak oparitu dizkit.
Emozioak ez dira ahazten eta nire memoria historikoan betirako geratu zaizkit iltzatuta, besteak beste, Amurizak kartzelan bere aitaren heriotza biziberritu izan zuenekoa, edo Peña, parranda eginda, bere amona Andoniren ohean sartu zenekoa, edo Andonik burua deskribatu zuenekoa, edo Sustrai eta Unai autopistan Auditzarrean kristorenak esaten, edo Unai bere urtebetetzea bakarrik ospatzera beharturik.
Geroztik Maialen azaldu zaigu bere dohain guztiekin suaren magia eskaintzen. Idatzi al daiteke egun oso batean Maialenek minutu batean paratu zuena baino bertso ederragorik?
Aurten ere egon dira une gogoangarriak: Maulen Sustraik bere “ligea” lagunei lerdea dariola uzten. Elizondon Amets poto saihestezinaren errima ederrenak eskainiz. Edo finalean Amets bera guardia zibilaren larruan intxaurrondoak astintzen edo Igor eta Aitor tximiniatik sartu ezinik.
Kalitatearen ezaugarriak objetiboki finkatu daitezke, baina badu alderdi subjektibo eta pertsonal bat ere, eta horrela hartu behar dira oraintxe aipatutakoak. Hala ere, zenbat bertso ezin ederrago utzi ditugu bidean ahaztuta?
MAGIA
Baina ez nuke hemen utzi nahi iritzi pertsonal hau, niretzat badagoelako beste maila bat, kalitatearen eta perfekzio hotzaren gainetik. Nik magia hitzarekin definituko nukeen maila gorena. Garunak bihotzarekin aurrez aurre topo egiten duenean lortzen dela esango nuke: labankada gozo batek astintzen du bihotza, oilo-ipurdia eta zirrara berezi bat azaleratuz. Oso gutxitan sentitzen da, baina gutxien espero duzunean hortxe ager daiteke.
Artearen, literaturaren, zinemaren, musikaren.... munduan, kulturaren baitan alegia, lan zoragarriak daude, maisulanen perfekzioa dasta genezake, baina labankada gozo hori, norberarena bakarrik da, eta bakoitzak du berea propioa..
Adibide batzuk jarri nahiko nituzke, beste batzuk kolkoan geratzen diren bitartean. Plaza dotore asko daude munduan: Napoleonentzat Europako egongela ederrena zen Veneziako “San Marcos”. Eta ederra da benetan baina niri zirrara gehien sortu didana Pragakoa izan da. Geroztik, eta estetika aldetik zerikusirik ez badu ere, Marrackechen sentitu nuen berriro lilura berezi bat, “Jemaa El Fna” (Hildakoen Batzarra) plaza ezagutu nuenean, ilunabarrean sortzen diren kolore, usain, ke, doinu eta giro bereziak, magikoa bihurtzen baitu.
Gazte nintzelarik Kafkaren “Itxuraldaketak” sortu zidan zirrara berezi hori. Zineman, Kubricken “2001, odisea espaziala” pelikulan, Straussen musika paregabearekin, hominidoak hezurra zerura jaurti eta adimenaren jabe egiten direnean, orduan ere sentitu nuen zirrara berezi hori. Baita The Policen “Roxanne” abestia entzuterakoan ere. Horixe da magia. Perfekzioaren gainetik koska bat gorago dagoen zerbait. Inork ez dauka errezeta horren sekretua eta tarteka-tarteka soilik sentitzen da.
Eta ba al dago magia gure kultura txiki eta murritz honetan? Nire iritzi apalean gure artean sortzaile magiko bat egon da, Oteiza. Eta bere kubo hutsak, materia hustuz, goia jotzen badu, “Lurra eta Ilargia” izeneko eskulturak, airea zizelatuz, zirrara berezi hori sentiarazten dit.
Baina baita Xabier Letek ere, “Urepeleko artzaina” eta Lizardiren “Amonatxoa” kantatu zituenean, Lourdes Iriondorekin batera, Anoeta frontoiko gau magiko batean. Edo Mikel Laboak Orfeoiarekin “Baga-Biga” kantatzen duenean.
Arestiren “Aitaren Etxea” irakurtzen dudan bakoitzean sentitzen dut zauskada berezi hori. Hori da magiaren beste ezaugarria. Behin eta berriz errepikatuta ere, beti azaleratzen dela oilo-ipurdia.
Atxagaren “Obabakoak” liburuan kontatzen den “Bagdadeko morroia” (“Mila gau eta bat gehiago”), Miranderen “Gauaz parke batean” eta Koldo Izagirreren “Eta zergatik jo nau” dira, besteak beste, labankada gozo hori bihotzean iltzatu didatenak.
Eta bertsolaritzan?, behin bakarrik sentitu dut, baina hain gozoa izan zen labankada... Belodromoko arratsalde hartan nork ez zuen magia sentitu, Jon Maiak, habaneraren doinuaz baliatuz, abiada ezin motelagoan hitzak elkarri lotu eta bertsoak oinazez erditzen joan zenean, bere alaba nerabearen lehen amodiozko eskutitzak kaxoi batean aurkitu zituela kantatzen zigun bitartean. Ez al zen orduan magia kolektibo bat sortu belodromoan? Nik baietz esango nuke. Andoniren buruaren deskribapenak, goiz hartan perfekzioa lortu bazuen, magia, Jonek lortu zuen arratsaldean.
AMAIA
Ordaindu egingo nuke bertso bat osatzen iaioa izateagatik. Baina nire adinean zintzilik geratu zaizkidan hainbat ikasgaik, horrelaxe geratu beharko dute, zintzilik. Ni konformatzen naiz artista hauen maisutasuna noizean behin dastatzearekin. Eta kalitatearen uholdean murgilduko naiz aldiro-aldiro, jakinik, perfekzioaren zimitarioan aurkituko naizela, eta gutxien espero dudanean, bertso baten magiak berriro bereganatuko nauela.