Urtarrilaren 19an Biriatu-Biriatu
ibilbidetzat zuen irteera egin zuten Talai mendi elkartekoek, urteko lehena.
Lagun mordoa bildu zen arren, ateak zabalik dituzte kide berrientzat. Horretarako baina ezinbestekoa da federatzea. Mendizale federazioaren aholkuak bere egiten ditu zentzu horretan Talai Mendik:
Segurtasuna
Segurtasuna kontuan izan beharreko alderdirik garrantzitsuena da kirola egiterako garaian. Federatzean asegurua lortzen duzu, hortaz, federazio lizentziaren balio nagusia hori da. Aseguruak edozein jarduera egitean gertatzen diren istripuak estaltzen ditu, betiere hautatzen den estalduraren barnean. Istripua izandakoan, erreskate beharra baduzu, hori ere babesten dizu aseguruak.
Prestakuntza
Gipuzkoako Goi Mendi Eskolak eta beste eskolek antolatzen dituzten ikastaroetan parte-hartzeko lehentasunezko tarifa izango du Federazio lizentzia duenak. Ikastaro hauek oinarrizkoak nahiz teknikoak izan daitezke, baina guztiak xede berbera dute: mendian segurtasuna areagotzea eta mendiaz gehiago gozatzea.
Informazioa
Federazio lizentziarekin batera Euskal Mendizale Federazioak argitaratzen duen Pyrenaica aldizkaria jasoko duzu. Bertan, mundu guztiko mendien inguruko artikuluak aurkituko dituzu, eta irteera prestatzerako garaian, lagungarria izango zaizu.
Prezio bereziak eta beherapenak
Federazioak hainbat saltokiren laguntza daukanez, beherapenak lortzen dira mendiarekin lotutako hainbat zerbitzu eta materialen erosketan. Aralar Kirolak, Belharra eta Izadi Kirolak dendetan, esaterako, %10 beherapena dute federatuek; eta Broker's, Sua Edizioak eta Elkarren %25.
Lehiaketak
Eskalada, mendi eski eta mendiko lasterketetako lehiaketetan parte-hartzeko aukera daukate federatuek, eta egutegi ofizialen lehiatuko diren taldeetan aritzeko hautatuak izan dezakete.
Laguntza teknikoa mendi-ibiltaritzan eta ingurumenean
Mendi-ibiltaritza eta ingurumen teknikariak ditu federazioak, honenbestez, arlo horietako edozein zalantza argitzeko zerbitzua eskaintzen du. Kirol elkarteen beharrei erantzutea, bidezidorrak homologatzea eta ingurumenean aholkularitza emate da zerbitzuaren xedea.
Talai Mendi Elkarteak onurak besterik ez dizkio ikusten federatzeari, eta mendizaleak federatzera animatzen ditu. Bestalde, urteko bigarren irteerara joateko gonbita ere luzatzen du. Otsailaren 16an izango da, eta Peña Albara egingo dute txangoa.