Zarauztarrako junior taldea nagusitu da pistan

Urola Kostako Hitza 2014ko urtarrilaren 29a

Zarauztarrako junior taldea Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteko juniorrak gailendu dira Taldekako Pistako Gipuzkoako Txapelketan.  Bi jardunalditan jokatu dute proba hori, eta bietan lortutako puntuei esker nagusitu dira zarauztarrak. Lehenbizikoan "jaun eta jabe" izan ziren horiek, baina bigarrengoan portugaldarrak nagusitu ziren ia proba guztietan—daniar kanporaketan, scratchean, puntuaketan, 500 metrotan eta taldekako jazarpenean—. Zarauztarrek bigarren egin zuten saio horretan; kanporaketa proba soilik irabazi zuten. Lau mutilek osatzen dute taldea: Aratz Olaizola, Jokin Aranburu, Joseba Uzkudun eta Xuban Aizpuruak.Igandeko saioan, hain zuzen, Gipuzkoako lau taldeez gain, Asturiaseko eta Portugalgo selekzioko txirrindulariek ere jardun zuten. Azken horretan Europako eta munduko txapelketetan dominak lortutakoak dira horiek. Hori dela eta, portugaldarrekin lehiatu izana "luxua" eta esperientzia "oso interesgarria" izan dela nabarmendu dute elkarteko kideek: "Honelako mailako txirrindulariekin lehiatuz beti ikasten da zerbait". Larunbatean zein igandean, otsailaren 1ean eta 2an Banakako Gipuzkoako Pista Txapelketa jokatuko dute Donostiako Anoetako belodromoan. SAILKAPEN OROKORRA
  1. ZARAUZTARRA 118 puntu
  2. PORTUGAL 84 puntu
  3. FULLGAS.COM 76 puntu
  4. ASTURIAS 68 puntu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide