Mikel Agirrezabalaga: etxean, baina atzerrira begira

Aritz Mutiozabal 2014ko urtarrilaren 29a

Denbora apur bat pasatu den arren, «minduta» jarraitzen du Mikel Agirrezabalagak (Zarautz, 1984). Pasa den uztailean sinatu zuen kontratua Misk-eko Dinamo eskubaloi taldearekin, baina denboraldi erdia egin du Bielorrusian. Taldeak kontratua desegin eta dagoeneko Zarautzen da. «Antza denez, taldea ez zegoen gustura nirekin, eta horregatik kontratua eteteko akordio batera iristeko asmoa zuela jakinarazi zidan. Nik, ordea, kontratua denboraldi osorako sinatu nuela eta bertan geratzeko asmoa neukala erakutsi nien, urte erdian beste talde bat aurkitzea zaila zelako». Jokalariak kontatu duenaren arabera, bere erabakia onartu ez, eta zuzendaritza batzordea «gezurretan aritu» da kontratua deusezteko asmoz. Gabonetan oporretara joateko baimenik gabe etorri zela zabaldu zuten, esaterako. Arazoak, ordea, ez ziren hor amaitu. Taldea desegin egin zen eta berri bat sortu zuten estatutu berriekin, baina ordura arteko jokalariak mantenduz; Agirrezabalaga izan ezik. Minsk-eko Dinamok kontratua bete zezan eskatzeko aukera bakarra zuen Agirrezabalagak orduan: taldearen kontrako salaketa jartzea. Prozesua, ordea, lau hilabetez luza zitekeen, eta hala ere ez zekien epaia bere aldekoa izango zen ala ez. Horregatik, haiek jarritako baldintzak onartzea erabaki zuen azkenean. Hori horrela, «haserre» agertu da Minsk-eko eskubaloi taldeak erakutsitako jokabidearekin. «Ez naiz gustura sentitu taldean», aitortu du Bielorru- siako egonaldiari buruz. Ez da taldera «guztiz» egin. Alde batetik, hizkuntzagatik: «Ez naiz gustura sentitu taldean. Jokalari erdiek errusieraz hitz egiten zuten eta besteek eslavieraz egiten zuten euren artean. Ni nintzen bakarra haien hizkuntzan egiten ez zuena». Bestetik, hango eskubaloi jokamoldera ez da «behar bezala» egokitu: «Agian ez dut eman nahi nuen maila. Baina han oso bestela jokatzen dute eskubaloian. Jokatzeko modua askoz fisikoagoa da han; hemen, berriz, taktikoki jokatzera ohitu naiz ni azken urteetan». Entrenatzailearekin ere tirabira bat edo beste izan zuen. Oro har, «pazientzia falta» izan dutela adierazi du, denboraldia amaitu arte itxaron zezaketela urteak eman duena baloratzeko. Hamar egun daramatza Zarautzen, «errealitateaz jabetu» eta etorkizunera begira. «Lasai nago, badakidalako lehenago edo beranduago talde bat izango dudala. Baina jakitun naiz talde bat aurkitzea zaila dela orain, denboraldi erdian. Normalean aurrekontuak itxita izaten dituzte, eta ez da erraza izaten». Aukeran, atzerrira Hala ere, hainbat proposamen jaso du Asobal Espainiako Eskubaloi Ligatik, Bidasoa Irun taldetik, kasu. Talde horientzat bera fitxatzea «aukera ona» litzatekeela esan du; izan ere, liga horretan maila asko jaitsi da. «Egoera ekonomikoa dela eta, jokalari askok nazioartera egin dute salto. Hori dela eta, ni fitxatu ahal izatea positiboa litzateke haientzat». Orain proposamen oro aztertu eta «sakon» pentsatu beharra dauka, erabaki on bat hartzeko. «Gauza asko baloratu behar dira». Hala ere, aukeran nahiago luke atzerrira joan. «Jokalariok eskubaloiaz bizi nahi badugu hobe dugu atzerrian urte batzuk ematea. Espainiako jokalari onenak FC Barcelona taldean daude, eta besteak atzerriko ligetara joan dira». Hala ere, ez du aterik itxiko: «Kanpoan ez badut gustatzen zaidan zerbait aurkitzen, argi daukat etxetik gertu geratu nahi dudala. Finean, Espainia mailan talde guztiek antzekoa eskaintzen dutelako». Momentuz etxetik gertu mantenduko da, Zarautzen. «Maila mantentzeko» bere kasa trebatzeaz gain, Zarauzko Amenabarrekin entrenatzen ari da, bere ibilbidea hasi zen eskubaloi taldearekin, hain zuzen. «Etxean beti sentitzen naiz ongi. Aspaldi joan nintzen hemendik; abuztuan hamabi urte izango dira etxetik joan nintzena. Aurten 30 urte beteko ditut, ordea. Nire lana da, eta asko gustatzen zait egiten dudana egitea, baina egia da urteak pasatu ahala gehiago kostatzen zaidala Zarauztik urruntzea». Datozen lau hilabete hauetan «gelditu gabe» jardutea da bere asmoa, lehiatzen. «Entrenatzea ongi dago, baina lehiatzea beharrezkoa da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide