Ainhoa Bermejo Andres, Barbantxokoa: "Une entretenigarriak pasatzea da gure helburua"

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 29a

Zestoan sortu duten Barbantxo aisialdi taldeko kideetako bat da Ainhoa Bermejo Andres; bera izan da herriko aisialdiak jarraipena izan zezan lekukoa hartu duen gazteetako bat. Ostiraleko saioa prestatzen harrapatu du HITZAk. Zer dela eta sortu duzue Barbantxo taldea? Gabonen inguruan hasi ginen honi buruz hitz egiten, baina urtarrilean jarri genuen martxan taldea. Data horietan udalak deialdia egin zuen, aisialdi talde bat sortu zedin herrian. Bilera bat egin genuen, eta ni eta lagun bat animatu egin ginen. Gero, ordea, ohartu ginen bazeudela beste batzuk interesatuta, eta beraz, guztiok batera zerbait sortzea pentsatu genuen. Zestoako auzoak asko dira, eta zenbat eta gehiago izan, egokiago egingo dugu lana. Aurretik esperientziarik ba al duzue? Inoiz ez gara aisialdi taldeetan ibili, baina udalekuetan begirale gisa aritu izan gara. Beste batzuk, berriz, irakaskuntza arloko ikasketak egiten ari dira. Gustukoa dugulako erabaki dugu taldea sortzea. Zer helburu dituzue? Ariketak eta tailerrak egiten ditugu, eta gure helburuak dira ingurumena errespetatu eta une entretenigarriak pasatzea. Orain, neguan, ezin dugu kanpoko jolasik egin, eta barrualdean egoten gara. Gero, ordea, kanpoaldean zentratuko gara. Elkar ezagutzeko jolasak egin ditugu batez ere. Talde bakoitzarekin saio bana egin dugu, eta pixkanaka joango gara ekintzak zehazten. Aurrera begira zer asmo dituzue? Denetik egingo dugu; jolasez eta tailerrez gain, egun batzutan irteerak prestatzeko asmoa dugu. Lehenengo hilean gaude, ordea, eta taldea antolatzen gabiltza oraindik. Gure artean ere ez gara asko ezagutzen, eta ekintzak bateratzeko bildu beharra daukagu. Zer moduzkoa izan da lehenengo hartu-emana? Gustura gaude. Umeek gogoz hartu gaituzte. Hurrengo saiorako zain geratu dira, eta gu ere gustura gaude orain artekoarekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide