Saharautz-Oriokoak laguntza kanpainan bete-betean daude, eta horren baitan atzo, urtarrilaren 28a, Orioko Herri Ikastolako pergolan jaima bat jarri zuten. Bertan Saharako ohiturak erakutsi zizkien ikasleei: tea egin zuten eta henaz margotu zituzten esku eta besoak.
Kanpaina honen helburua, Saharara bidaltzeko elikagaiak eta beste hainbat beharrezko gauza biltzea da. Horregatik, osteguna bitartean arroza, pasta, arraina kontserban, lekaleak, konpresak, eskolako materiala eta horrelakoak jasoko dituzte Ikastolan, beste hainbat lekuetan bezala.